Iñaki Artola: "Aurrean, broma gutxi"

Tolosaldeko Ataria 2018ko api. 20a, 10:19

Alegiarrak Elezkano II.aren aurka jokatuko du astelehenean, Tolosako Beotibar pilotalekuan, 17:00etatik aurrera.

Elezkano II.ak baino pilota biziagoak aukeratu zituen atzo Iñaki Artolak (Alegia, 1994), Beotibarreko pilota aukeraketan.  


Binakako parentesiaren ondoren, berriro txapelketa jokatzera.
Gogo handiarekin, gainera. Denbora dezente noa maila honetako partidarik jokatu gabe, nahiz eta tartean oso partida politak eduki ditudan. Hau, ordea, beste gauza bat da. Horrelako egunetarako prestatzen gara eta ea espero bezala ateratzen zaigun.

Prest, beraz.
Eskuetatik ondo eta fisikoki eta frontoian dezente entrenatuta. Etxeko lanak ondo egin ditudan sentsazio horrek asko balio du, eta segurtasuna ematen dizu.

Nola jokatzen saiatuko zara?
Daneli aurrean txorakeri gutxi, artista delako. Ahalik eta gehienean atzean edukitzen saiatuko naiz, pilota luze jarriz. Hala eta guztiz ere, ideia batekin atera arren partidan gero edozer gerta daiteke.

Elezkano II.a nolako aurkaria da?
Gogorra. Partidarik ez du oparitzen, eta hori da bere ezaugarri nagusia. Berari irabazteko lan asko egin beharra dago. Ez dago bere hutsen zain edo partida txarra egingo duenaren esperantzan egoterik.

Altuna III.a nola ikusten duzu?
Zertxobait faborito ikusiko du jendeak, baina Retegik asko jokatzen du. Victorri irabazi zion, eta buruz buru asko jokatzen du Victorrek; Final batean egona da eta hori ez da kasualitatez. Bete-beteko partida ikusten dut.

Eta Jaka?
Aurkari zailenetakoa tokatu zaio. Binakakoa oso ondo bukatu du, eta banakakoa bere ezaugarrientzat oso ona da. Jakak, aurrekoak erraz irabazi ditu, eta udan bere dohainak erakutsi zituen. Gaia ikusten diot ezustekoa emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!