«Zortea dut horrelako banda batekin jotzeko aukera izateagatik»

Imanol Garcia Landa 2018ko api. 18a, 09:15
Itsaso Etxebeste, Mitxel Longaron, Ander Zubillaga, Iker Lauroba, Leire Berasaluze eta Iñigo Asensio.

Eskualdeko musikariak elkartu ditu Iker Laurobak bere proiektu berrirako. Gustura dago bandak sortzen duen soinuarekin, eta baita ere Alegiako Elizpe zinema aretoa bezalako leku batean emanaldia egiteagatik.

Iker Laurobak iaz atera zuen bere bigarren bakarkako diskoa, Nire gotorlekutik izenekoa. Disko horretako abestiak zuzenean jotzeko Iker Lauroba eta Zentinelak proiektua osatu dute, eta bertan Iñigo Asensio tolosarrak teklatuak eta akordeoia jotzen ditu. Alegiako Udaberriko Kultur Egitarauaren barruan, ostiral honetan, hilak 20, emango dute kontzertua, 22:00etan. Sarrerei buruzko informazioa kultur etxean jaso daiteke.

Zer eskainiko duzue ostiraleko emanaldian?

Iker Lauroba: Orain arte nahi baino gutxiagotan erabili dugun formatu batean ariko gara. Lehenengo diskoa kaleratu nuenetik, banuen buruan formatu honetan ariko nintzela. Diskoa atera berritan, formatu akustikoan ibili ginen, txeloa, pianoa, gitarra akustikoa eta ahotsarekin, Iker Lauroba eta Itsasargiak izenarekin. Diskoan bazeuden abesti batzuk elektrikoak, bateria eta gitarra elektrikoarekin, ordura arte plazaratu ez genituenak. Eta Iñigorekin hitz egiten, planteatu genuen formatu honetan kontzertu batzuk emateko proposamen hau, eta uste dut bosgarren kontzertua izango dela Alegiakoa. Beraz, zerbait berezia eskainiko dugu, orain arte gutxitan aurkeztu izan dugun formatuan, eta nik behintzat oso gustura plazaratzen dudana.

Beraz, zuk Iñigo, formatu berria martxan jartzeko bide horretan baduzu ardura.

Iñigo Asensio: Nik pixka bat xaxatu dut Iker, bereziki ikusten nuelako berak ere nahi zuela beste formatu honetan aritzea. Askotan konturatzen naiz talde batzuetan liderrarentzat, kasu honetan Iker, kantaria, konpositorea eta proiekturen ardatza dena, ardura handia izaten dela musikariak elkartzearena. Esan bezala, nik pixka bat xaxatu nuen, eta, konturatu gabe, Zentinela guztiak Tolosa ingurukoak dira.

Nortzuk dira musikariak?

I.L.: Leire Berasaluze ahotsean, Mitxel Longaron baterian, Itsaso Etxebeste baxuan, Ander Zubillaga gitarra elektrikoan, eta Iñigo Asensio teklatuan eta akordeoian.

Erraza izan da taldea batzea?

I.L.: Hori Iñigok esango dizu hobeto.

I.A.: Erraza izan zen. Nik askotan esaten diot Ikerri, badirela musikari asko proposatuko bagenie berarekin banda osatu eta jotzeko gustura egingo luketenak. Segituan komentatu genuen Mitxeli esatea, eta Anderri, eta Tolosaldean ari ginenez pentsatu genuen Itsasori galdetzea, eta animatu zenean, osatuta genuen taldea. Leire aurreko formatuan ere izan zen, zuzenekoak akustikoan egiten genituenean. Eta lokalera joan ginenean segituan hasi ziren abestiak soinu oso ona izaten.

I.L.: Esan behar da musikari apartak izateaz gain, oso profesionalak direla, eta erabaki genuenean gutxi gorabeherako setlist bat, lehenengo entsegutik, elkarrekin inoiz jo gabe egonik, galdetu nion nire buruari nola ote zen posible hain soinu ona izatea abesti batek. Oraindik daukat oroitzapen hori, eta oraindik sentitzen dut alde horretatik barruko adrenalina hori. Entsegua egiten dugun bakoitzean sentitzen dut zein zorteduna naizen horrelako banda batekin jotzeko aukera izateagatik.

Kontzertuan 'Nire gotorlekutik' diskoaren abestiak emango dituzue.

I.L.: Beno, bi diskoetako abestiak. Azkenean lehenengo diskoko abesti batzuk ere bazeuden formatu honetarako oso egokiak zirenak, eta erabaki genuen bi diskoetatik hartu eta moldagarrienak ziren kantuak joko genituela. Agian pare bat abesti joko ditugu formatu akustikoan, pianoa, gitarra eta bi ahotsekin, baina bestela bi diskoetako abestiak joko ditugu, formatu horretara moldatuta.

Alde handia dago bi diskoen artean?

I.L.: Lehenengoa grabatzen denbora asko pasa genuen, eta Fredi Pelaezen eskua asko nabaritzen da diskoan. Azkenean bi urte baino gehiago behar izan genuen grabatzeko. Ekoizpen handiko diskoa da, musikari askok hartu zutelako parte eta abesti bakoitzean soka sekzio bat eta haize sekzio bat dago. Oso disko handia da. Bigarrena xumeagoa izan zen. Gehienbat etxean egindako diskoa da, bateriak izan ezik. Ildo beretik doan arren, esan daiteke xumeagoa dela ekoizpen aldetik, baina badu bere xarma ere bai.

I.A.: Nik akordeoia grabatu dut bigarrengo diskoan, eta hasieratik gertutik jarraitu dut diskoa. Ikerrek erakusten zizkidan gauzak, eta, bestalde, sare sozialetatik ikusten nuen lagun pila bat igarotzen zirela etxe hartatik, askotan entseguetarako lokala izaten duguna, batez ere formatu akustikoan. Nik uste dut Ikerrek oso ondo deskribatu duela bi diskoen arteko ezberdintasuna. Lehenengoan zein bigarren honetan badaude niri izugarri gustatzen zaizkidan abestiak. Diskoak baditu momentuak kutixiak direnak, eta ahotsekin egindako lan oso trebea. Ikerrek beti izan du joera emakumezko ahotsekin kantatzeko. Fariba, Sara Azurza, Leire Letu daude... eta diskoan beste ahots batzuk ere parte hartu dute, eta badaude joko batzuk eta moldaketa batzuk ahots horiekin oso interesgarriak direnak. Beste osagai batzuk ere badaude, eta nik uste dut disko eder bat egin duela.

Nondik abiatzen zara, Iker, abestiak sortzerakoan?

I.L.: Orokorrean musikatik abiatzen naiz. Batez ere etxean sortutako akorde segida bati melodia jartzen diot, eta horri saiatzen naiz letrak jartzen. Adibidez, lehenengo diskoa Harkaitz Canorekin elkarlanean egin nuen. Nik musika bidaltzen nion eta berak letrak bueltan. Bigarren honetan abesti erdien letrak nik egin ditut, eta kolaboratzaile batzuk izan dira: Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Jon Martin... Leire Ugadik idatzitako letrak izan dira, disko honetako kasu bakarra, gero melodia eta musika jarri diodana.

Zein ezberdintasun daude Lauroba taldearen eta orain martxan jarri duzun proiektuaren artean?

I.L.: Nik uste dut musikalki ere saiatu naizela ezberdintzen. Lauroba elektrikoagoa zen, bi gitarra elektriko ginen, sintetizadoreek garrantzi handiagoa zuten. Honek folk kutsu gehiago du. Mitxelek adibidez abesti guztietan isipuekin jotzen du, eta horrek beste ukitu bat ematen dio. Nahiz eta funtsean nik egin abesti gehienak bi formatuetan, estilo aldetik nahiko ezberdinduta daude bi proiektuak.

Nola egokitzen da martxan duzuen proiektu hau hain handia ez den Alegiako Elizpe aretora?

I.A.: Nik esango nuke txikia ere ez dela. Bi formatuetan jotzeko modukoa da. Badira hainbat leku agian talde osoarekin ez ginatekeenak sartuko. Eta ez badugu ere musika horrelako bolumen maila handietara eramaten, badira leku batzuk agian aproposagoak izan daitezkeenak formatu akustikoan aritzeko. Eta nik uste dut Alegiako aretoa primerakoa dela, bai orain dugun formaturako, bai akustikoan aritzeko ere.

I.L.: Ez dut ezagutzen aretoa, baina nik bereziki gustukoak ditut horrelako lekuak: jendea eserita daudenak, entzutera etortzen direnak, eta soinu egokiarekin. Nik esango nuke horiek direla gehien disfrutatzen ditudan lekuak: areto txiki, kultur etxe... Aproposenak dira musikak dauzkan ñabardura guztiak ondo nabarmentzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!