Elkartasun Eguna antolatu dute apirilaren 21erako

Imanol Garcia Landa 2018ko api. 12a, 10:50
The Fridiay's Crew taldeak kontzertua emango du gaztetxean. THE FRIDAY'S CREW

Altsasuko eta martxoak 11ko gazteei elkartasuna adieraziko diete, Alegian.

Alegiako eta Tolosako gazte asanbladek Elkartasun Eguna antolatu dute apirilaren 21erako. Altsasuko gazteei zein iazko martxoaren 11n Iruñeko gertaeren inguruan auzipetuta dauden gazteei elkartasuna adierazteko eguna izango da. Eta horrez gain, ekonomikoki ere laguntza emateko aukera izango da.

Datorren astean hasiko da, hain justu, Altsasuko gazteen aurkako epaiketa Madrilen eta bi aste inguru iraungo du. Epaiketa hori izaten ari den bitartean kokatu dute Elkartasun Eguna. Bestalde, larunbat honetarako, apirilak 14, manifestazioa egingo da Iruñean Altsasuko gazteei elkartasuna adierazteko, Altsasu Gurasoak eta Altsasukoak Aske plataformak deituta. Eskualdean autobusak antolatzen ari dira bertara joateko, eta izen ematea ohiko tabernetan zein gaztetxeetan egin daiteke. «Iruditzen zaigu interesgarria eta beharrezkoa dela manifestazio horretan zein Alegian antolatu dugun Elkartasun Egunean parte hartzea, salbuespenezko egoera hauetan gure elkartasuna adierazteko», dio Egoitz Garmendiak, Tolosako Gazte Asanbladako kideak.

Iazko martxoaren 11ko gertaerei dagokionez, «eskualdeko zein Gipuzkoako zenbait gaztek auzipetuta jarraitzen dute», azaldu du Garmendiak, «eta hori salatu eta gazte guzti horien egoera mahai gainean jarri nahi izan dugu». Iruñean manifestazio baten ondoren egon ziren istilu batzuen harirako kasua da martxoaren 11koa. «Horren ondorioz, gaur egun arte 22 gazte egon dira deklaratzera deituak. Horietatik lau adin nagusikoei, zazpi urteko espetxe zigorra eskatzen die fiskaltzak, terrorismo delituak egotzita», esan du Garmendiak. «Gero beste sei adin txikiko daude, tartean eskualdeko batzuk, eta horien inguruan fiskaltzak egindako eskaera ez da inon atera, baina adin txikiko zentro batera bidaltzeko arriskuan daude. Iruditzen zaigu deigarria eta salagarria dela, arriskuan baitaude hamar euskal gazte». Iaz ere antolatu zuten elkartasun egun bat, orduan Tolosako gazte batzuei elkartasuna adierazi eta laguntza ekonomikoa eskaintzeko izan zen, eta aurten ere errepikatzea pentsatu dute.

HERRIGUNEAN ETA GAZTETXEAN

Arratsaldetik gauera bitarte izango da Elkartasun Eguneko egitaraua, eta Alegiako herrigunean zein gaztetxean egingo dira ekitaldiak. «Gaztetxeaz aparte, ekitaldiak herriko beste leku batzuetan egitearen aukera ikusten genuen, herritarrengana gehiago hurbiltzeko», esan du Alex Goikoetxeak, Alegiako Gazte Asanbladako kideak.

Lehenengoa Elizpe zinema aretoan egingo den mahai ingurua izango da. «Mahai ingurua antolatuta dago jendea kontzientziarazteko, edo behintzat ikusteko benetako gertakariak nondik nora joan ziren. Horretarako Altsasuko, Oreretako, Beasaingo eta hemen inguruko jendea ariko da hizketan, gertatutakoa gertutik bizi izan zutenak, eta oso interesgarria izango da», esan du Goikoetxeak.

Elizpe zinema aretotik herriko plazara mugituko da Elkartasun Eguna, eta bertan sagardo dastaketa egingo da. Edalontzia bi eurotan eskuratu ahalko da. Ondoren, zahagiardo musikatua egingo dute. «Lur Gaztelumendi berak azaldu zigun bakarlari moduan emanaldia egingo zuela, eta berak girotuko du, beraz, zahagiardoa», esan du Goikoetxeak. Ogitartekoak salduko dituzte plazan bertan, eta begetarianoak eta beganoak direnentzako ere aukera izango da.

Eguna borobiltzeko, gaztetxean kontzertuak izango dira. Bultz eta The Friday's Crew taldeak eta Dabu Selektha anoetarra izango dira oholtza gainean ariko direnak. Sarrera bost euro izango da, eta gaztetxean bertan erosi ahalko dira.

Elkartasun Egunean lortzen den dirua «gastu errepresiboei» aurre egiteko bideratuko da. Garmendiak azaldu duenez, «ikusten dugu errepresioak kartzela zigor arriskua duela edo pertsonaren askatasuna mugatzeko arriskua. Eta, bestalde, bai auzipetuei eta baita ingurukoei ere gastu ekonomiko latza dakarkiela, bai abokatuak direla, bai espetxera bisitan joaten direnentzat. Beraz, ekonomikoki ere lagundu dezakegu».

Goikoetxeak gaineratu duenez, «behar bat dago alde horretatik. Horrelako ekimenak finantza iturri aldetik oso urriak izaten dira, eta ikusten genuen eskualdean antolatu dugun egunaren bitartez haiei laguntzeko aukera, eta jendeari jakinarazteko zein den egoera». Gaztetxean bertan kutxa bat izango da jendeak egin nahi duen ekarpen ekonomikoa egiteko. «Eskertuta jasoko dira ekarpen guztiak», esan du Goikoetxeak, eta gaineratu: «Dirua ez da dena, elkartasuna adieraztearekin ere horrelako egun bat antolatzea egokia dela uste dugu».

 

EGITARAUA

17:30. Mahai ingurua Elizpe zinema aretoan.

19:00. Sagardo dastaketa herriko plazan.

21:00. Zahagiardo musikatua plazan, Lur Gaztelumendi bakarlariarekin. Ogitartekoak salgai izango dira.

23:00. Kontzertuak gaztetxean, Bultz eta The Friday's Crew taldeekin, eta Dabu Selektahrekin. Sarrera bost euroren truke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!