"Ilusioz" ari dira ospatzen Gazte Eguna

Ataria 2018ko apirilaren 7a

Alegiako Gaztetxean hirugarren urtez ari dira egiten Gazte Eguna. Goizean Langaurre txukuntzen aritu dira, eta eguerdian bertso poteoa egin dute.

Bertsolari lanetan Imanol Irazustabarrena, Hodei eta Maialen Oiartzabal, eta Alex Goikoetxea aritu dira. "Ikusten genuen poteoaren ekitaldian hutsune bat zegoela, eta aurten pentsatu genuen bertsotan aritzea. Giro polita izaten ari da, eta ekitaldi guztiak gaztetxean izan beharrean, herriari ere bizitza pixka bat ematea da asmoa", esan du Goikoetxeak.

Langaurren 30 pertsona inguru elkartu dira garbiketa lanak egiteko, eta bazkaltzeko 40 pertsona inguru izan dira. "Badago belaunaldi bat bultzatu duena jendeak parte hartzeko, eta bazkaltzera etorritakoen kopurua igo dugu eta hori ere poztekoa da", esan du Goikoetxeak.

Gaztetxearen dinamikan urtean zehar hainbeste aritzen ez diren gazteek parte hartzeko aukera bat izatea da Gazte Egunaren helburua. "Ikusten da jende gogoz dagoela gauzak egiteko eta ilusio handiarekin hartu dugun zerbait da", azaldu du Goikoetxeak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!