Patxaranga, Alegiako txaranga

Imanol Garcia Landa 2018ko api. 4a, 09:30

Herriko musikari gazteek sortutako txaranga pixkanaka bere doinua zabaltzen ari da.

Ernamuina aspalditik datorkio Alegiako Patxaranga txarangari. Loatzo musika eskolan ikasi zuten, eta ikasketa prozesuan taldea sortzeko sasoia iristerakoan, Alegian ikasten ari ziren instrumentu motengatik egokiena txaranga bat sortzea zela ikusi zuten. Gerora, eskola barruko taldea izan zenak Patxaranga izena hartu du. 

15 eta 19 urte bitarteko hamaika musikari daude egun Patxarangan: Izarraitz Larreta, Ainhoa Ontsalo, Larraitz Balerdi, Uxue Balerdi, Nora Alustiza, Lander Karrera, Asier Diaz de Gereñu, Beñat Larrañaga, Eñaut Zabala, Leire Roman eta Xumai Aizpuru. Bederatzi kide alegiarrak dira eta beste biak tolosarrak.

Loatzo musika eskolatik atera zirenean, ikusi zuten unea bazela txarangari segida eman eta izena jartzekoa. «Hainbat izen pentsatu ziren, baina azkenean Patxaranga jartzea erabaki genuen», esan du Aizpuruk. «Bagenekien izen horrekin txaranga gehiago daudela, baina guk ulertua genuen patxaran edariarekin lotura zuela, eta gure aldetik patxaran egotetik, lasai egotetik, eratorria da».

Lehenengo emanaldiak herrian izan ziren, Gaztetxeko Gazte Egunean eta herriko jaietan. Gero zabaltzen joan dira beste herri batzuetara. «Aukera izan dugu azken bi Kilometroetan jotzeko. Gehienbat Gipuzkoan aritu gara: Zizurkilen, Anoetan,...», esan du Zabalak. Loatzoko irakasleen bitartez lortu izan dituzte zenbait emanaldi, eta Iparraldean ere izan dira txarangarekin. «Esperientzia politak izaten dira. Leku berriak ezagutzeko aukera ere ematen digute», esan du Aizpuruk.

«EZ DA LANA»

Giroa jartzen duenaren aldetik festa bizitzea ez dute karga moduan hartzen. «Ez dugu lan bezala hartzen, gozamen bezala hartzen dugu», esan du Aizpuruk. «Egia da baduzula zure gain ardura hori, eta eman behar duzula maila bat, eta zure burua estutzen duzula. Baina guretzat ondo pasatzen dugun unea da, eta niri bereziki poza ematen dit jendeak gure musikarekin gozatzen duenean». Zabalak gaineratu duenez, beraiek ere giroan sartzen dira: «Ez da lan bat, ez gara hortaz bizi, eta guk ere ondo pasatzen dugu jotzen dugun bitartean. Gure atsedenak ditugu eta festan ere murgiltzen gara».

Larunbatean Alegiako Gaztetxean ariko dira giroa jartzen, Gazte Egunean. «Herrian jotzea beti da berezia», esan du Zabalak. «Azkenean beste modu batera bizitzen duzu jendea ezagutzen duzunean». Gaztetxearekin harremana izatea berezkoa ikusten du Aizpuruk: «Ondoen pasatzen duguna izaten da; askotan lagunak egoten dira inguruan, guri animatzen... Hori bai, presio pixka bat ere sentitzen duzu, agian kanpoan baino gehiago».

Emanaldia egiteko deituz gero, normalean baiezkoa ematen dute, baina ez dira ate joka ibiltzen horiek lortzeko. Hurrengo saioa Alegian egitekoa den Herria Kantuan ekitaldian izango da. Herriko festetan ere ziur aski joko dutela, eta espero dute beste herriren bateko festetan ere aritzea.

Entseguak egiteko hilean pare bat aldiz elkartzen dira. Izan ere, ikasturte honetan batzuk unibertsitatean hasi dira eta horrek ere elkartzea zailtzen die. Behin emanaldi bat hitzartuta dutenean, saiatzen dira bi edo hiru aste lehenago entsegu gehiago egiten saioa prestatzeko. «Nahiko errepertorio zabala» dutela diote. «Normalean eskaeraren arabera izaten da. Inauterietakoak, Gabonetakoak ere... Gehienak kalejirak dira, arin-arinak ere bai, eta gero rock kanta batzuk ere jotzen ditugu txarangaren formatura egokituz».

Alegian tradizioa izan da musika taldeena, rock musikaren ingurukoa, baina aurretik txarangaren bat izan denik ez dute uste. Aurrera begira taldeak egingo duen bideari buruz ez dute asko hitz egin, baina ikusten dute gero eta zaharrago egin, zailagoa izan daitekeela taldea elkartzeko konpromisoari eustea. «Orain gogoa badago behintzat, eta ahal den neurrian jarraituko dugu txarangarekin», diote.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!