Zarataren aurka neurriak hartzea eskatuko du Alegiako Udalak

Imanol Garcia Landa 2018ko mar. 1a, 10:29
Alegiako zarata maparen irudi orokorra, egunez neurtuta.

Alegiako zarata mapa onartuta geratu da eta plan orokorrean txertatuko da. Errepide sarea, trenbidea eta jarduera industriala dira mapan "nabarmentzen" direnak.

Dokumentu berri bat du Alegiako Udalak: Alegiako zarata mapa. Jendaurrean izan da dokumentua eta helegiterik ez denez jaso, onartuta geratu da. Mapa hori egiteko bi arrazoi izan direla azaldu ditu Unai Iraola alkateak. Batetik, plan orokorra egiterakoan «herriaren diagnostikoen beharretatik» egin zela, eta hor zarataren inguruko kezka bat zegoela. Bestalde, erakunde ezberdinetako diru laguntzak atera ziren horrelako lanketa bat egiteko eta horiek baliatu zuten mapa osatzeko. Beraz, bi aukera horiek probestu ziren eta zarata mapa egitea erabaki zen.

Atera den ondorio nagusia da «batez ere errepide sarearekin, trenbide sarearekin eta jarduera industrialarekin lotutako eremuak direla nolabait ere, zarata mapan nabarmentzen direnak eta mugan egongo liratekeen eremuak», azaldu du Iraolak. Kontuan izan behar da Alegiatik N-1 errepide nagusia igarotzen dela, eta hor «zarata maila egunez zein gauez handia dela, bertako trafiko intentsitate eta kopuruarengatik. Trenbidea ere berdin. Neurri zuzentzaileak hartzen ez diren bitartean trenaren soinuak zuzenean eragiten die Bideberrietako etxebizitzei». Jarduera industrialari dagokionez, enpresen ondoan dauden etxebizitzei eragiten die.

Txostenak berak identifikatzen ditu gune horiek eta neurketak egin ostean zein izan beharko luketen zarata maila egokienak baloratzen ditu, eta horretarako neurri zuzentzaileak proposatzen dira. «Behin dokumentua onartuta plan orokorrean txertatzen dugu eta neurri zuzentzaile horiek ere gomendio bezala bidaliko dizkiegu ardura duten erakundeei», zehaztu du Iraolak. Errepideen sarearen arduraduna Gipuzkoako Foru Aldundia denez, berari egingo zaio eskaera. Trenbideari dagokionez ere bideratuko dute eskaera. «Industriaren bati eskatu behar bazaio edo beste eragileren bati neurri zuzentzaile horiek hartzea, udalak lan hori egingo luke», azaldu du alkateak.

«BIZI KALITATEA HOBETZEA»

Bestalde, neurri zuzentzaileak martxan jartzeko zer neurri tekniko zehatz hartu behar diren esatea ez dela udaletik egingo azaldu du Iraolak, «ez da gure zeregina. Nik pentsatzen dut inguruko eremuetan zein teknika erabili diren, eta antzekoak izango direla; adibidez panelak jartzea N-1 errepidean. Beste eragileen kasuan, berriz, barne mailako antolaketa edo isolamendu neurriak hartzea».

Kasuan kasuko neurri zuzentzaileak irtenbide tekniko ezberdinak beharko dituztela gaineratu du, eta horiek dokumentuan ez daudela jasota. «Udalak bai eskatuko duela zarata maila jaistea, edo behintzat helburu egokienen mailaraino jaistea». Kasu horietan «eskaera formalizatua» egingo dela dio Iraolak, «dokumentua ere formala delako eta onartua dagoelako, eta plan orokorrean nolabait erantsita joango delako eta loteslea izan dadila nahi dugulako. Gure esfortzua hortik joango da eta saiatuko gara bete daitezen».

Behin eskaerak eginda, gero ikusi egin beharko da erakunde horiek kasu egiten duten. «Badakigu estutasun ekonomikoak erakunde guztietan daudela, baina niri iruditzen zait etorkizunera begira eta bizi kalitatea hobetzea baldin bada erakundeon ardura, horrelako neurriak pixkanaka modu estrategikoan planteatu behar direla eta hobekuntzak egiten joan behar dugula elkarlanean. Eta gure asmoa hori izango litzateke», esan du Iraolak. Bizi kalitatean eragina duen elementu bat dela zarata, esan du Iraolak: «Horretaz, gero eta kontzienteago gara behintzat, eta garrantzitsutzat jotzen denez, ea gai garen helburu horiek edo eskaera horiek gauzatzeko».

Etorkizunera begira, zerbait eraiki behar denean, enpresa bat dela, etxebizitza bloke bat, zarata mapa ere kontuan hartuko dela gaineratu du. «Neurri zuzentzaileetan gaur egungo zarata mapan zifra konkretu batzuk daude, hau da, gehienez 65 dezibelio egunez eta 55 dezibelio gauez, etxebizitza edo bizitokientzat. Eta etorkizuneko plan orokorreko bizitoki guneek muga behintzat baxuagoa daukate, hau da, 65koa izan beharrean 60koa izan beharko luke». Etorkizunera eta planifikaziora begira, zarata mailak pixkana jaistea aurreikusi beharko dela dio Iraolak, «aipatutako bizi kalitatea hobetzera begira».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!