Larraitz Mendebaldea eta futbol zelaia, inbertsio nagusienak

Imanol Garcia Landa 2018ko urt. 25a, 08:00
Larraitz Mendebaldea eraberritzeko lanak abuztu inguru arte iraungo dute.

Ia bi milioi euroko aurrekontua izango du Alegiako Udalak 2018rako; inbertsio nagusiez gain, 50.000 euro bideratuko dira beste hainbat egitasmoetara.

Aurreko urtea bukatu baino lehen onartu du Alegiako udalbatzak 2018ko udal aurrekontua. Igoeratxo bat izan du iaztik eta ia bi milioi eurotara iritsi da, 1.977.000 euro zehazki. Inbertsioetarako kopurua 50.000 euro ingurukoa izango dela jaso da aurrekontuan. «Kontuan hartu behar da Alegian aurreko urteetatik datozen inbertsio konpromisoak mantentzen direla», esan du Unai Iraola alkateak, eta Larraitz Mendebaldearen eraberritze lanak eta futbol zelaiaren eraldatzea aipatu ditu.

Larraitz auzoaren mendebaldea eraberritzerako aurreko urtean ia milioi bat euroko inbertsioa lotu zela ekarri du gogora Iraolak eta aurten ere obra horrekin jarraituko dela. Bestalde, aurreko urtearen bukaeran egin behar zen Elorri futbol zelaiaren obra ez zen gauzatu eta aurtengo uztailean egingo da. Inbertsio horiek aurtengo aurrekontuan txertatu dira.

Aurreikusitako epean betetzen ari dela Larraitz Mendebaldearen eraberritzea esan du Iraolak: «Nahiko gustura gaude lanen erritmo eta martxarekin. Aipatu genuen ia urtebeteko iraupena izango zuela eta horrek bere bidea darama. Abuztu inguruan bukatuko dira lanak».

Futbol zelaiari dagokionez, belar artifizialeko zorua jarriko da. Lanak azaroan hastekoak ziren, baina enpresak udalari azaldu zionez, eguraldi txarrak obretan kalte handiak sortu zitzakeen, eta udara arte itxarotea eskatu zuen. Udaletik ere ikusi zen, zailtasun horiez gain, egokiena zela udan egitea lanak, futbol zelaia erabiltzen dutenak, Intxurre futbol elkartea eta herriko eskolak, oporretan daudenean. Horrela, lanak uztailean egitea aurreikusten dute.

BESTE INBERTSIOAK

Beste inbertsioetarako bideratuko diren 50.000 euroak nagusiki bide azpiegiturak hobetzeko erabiliko dira. Esaterako, Sagasti baserriaren eremuan, Langaurre aldeko bidea berrituko da, «azken urteetan oso kaltetua izan delako». Horrez gain, Biasti auzoa eta hilerria lotzeko oinezko bide bat egiteko proiektua dago. «Lotura izango du Altzoko herrigunearekin, bertaraino joango den oinezko bidearen zatia izango litzatekeelako», esan du Iraolak. Bestalde, kultur etxean hobekuntzak egingo dira. «Azkeneko urteetan erabilera asko handitu da eta egiturazko arazo batzuk ikusten ditugu, bai espazio faltagatik eta baita irisgarritasunarekin lotutakoak». Esaterako, komun irisgarririk ez du eraikinak. «Irisgarritasun plana gauzatu eta eraginkortasun energetikoko neurriak hartzea da lan ildoa». Azkenik, Becker eremuan lur sail bat erosi du udalak, eremu guzti hori udalaren esku geratzeko, etorkizunean egingo diren ekintzetarako.

Beste zenbait proiektu udala bere politiketan txertatzen joan da, eta horiek gastu korrientean sartu dira, gaztelekuarekin lotutako hezitzailearen programa eta Txintxarriak Martxan egitasmoa, esaterako.

Plan orokorrari dagokionez, hurrengo pausoa aurrerapen dokumentuaren onarpena izango da. «Espero dugu talde erredaktoreak epe motzean ekarriko digula proposamen definitua», adierazi du Iraolak. «Ondoren, osoko batzar batean onartu eta publikora irekiko litzateke dokumentu hori. Aurtengo urtea gakoa izango da plan orokorraren behin betiko onarpenean pausoak emateko».

Aurtengo urtean egingo diren beste lanketei dagokionez, Iraolak nabarmendu du «gogoeta moduan» hartu duela udalak bere giza baliabideekin duen antolaketaren inguruan. «Kultur-kirol etxea, kaleko langileen antolaketa, zein zerbitzu eta nola eman... Azken urteetan Alegiako beharrak ere aldatu dira eta daukagun lan taldea modu eraginkorragoan antolatzeko gogoeta fase batean hasi gara langileekin», esan du Iraolak.

TREN GELTOKIA

Orain berri Legazpiko tren geltokian istripua izan zen eta bertako udalak eta trenbideetako azpiegituraz arduratzen den Adif erakundea akordio batera iritsi dira bertako geltokian segurtasuna hobetzeko. Alegiatik ere eskaera hori egina dute hainbatetan, eta Iraolak gogora ekarri du iaz sinadura bilketa ere egin zutela herritarren aldetik, eta ekimen hori bultzatu zuten herritarrak eta alkatea bera Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere izan zirela gaia azalduz.

Iraolak gaineratu du udalak Adifi idatziz eskaerak egin dizkiola. «Gertatzen da Alegia herri txikia dela, eta dirudienez Adifen lehentasunen zerrendan nahiko behean gaudela», esan du, eta beste saiakera bat egingo dela gaineratu du.

«Eusko Jaurlaritzak ere bere ardura» duela uste du Iraolak: «Beste gai batzuetan bere eskuduntzak ez diren inbertsioak egiteko prestutasuna agertzen du, AHTa adibidez. Horietara bideratzen diren baliabideak ikusita, Alegiarako gutxieneko segurtasun neurri zuzentzaile batzuk hartzea ez zait iruditzen asko kostatuko litzatekeenik, dagoen arriskua ikusita, eta XIX. mendeko geltoki bat dugula ikusita». Iraolak, bide batez, deia egin du «eskuduntzak eta baliabideak dituzten erakundeei, behintzat kasu egin eta neurri zuzentzaileak hartu ditzaten».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!