Musika, urtarrileko ostiraletako protagonista Alegiako Gaztetxean

Imanol Garcia Landa 2018ko urt. 17a, 09:30

Su Ta Gar taldeko kideak. GALDER IZAGIRRE

Planeta Def eta Su Ta Gar taldeen emanaldiak izango dira gaztetxean, urtarrilaren 19an eta 26an, hurrenez hurren; 30. urteurreneko balantzea «oso positiboa» izan dela diote.

Kontzertuek leku berezia dute Alegiako Gaztetxean eta aurtengo urtarrilean ere horrela gertatzen ari da. Aurreko ostiralean Glaukoma taldearen zein gonbidatu bezala izan ziren Nikotinaren eta Little Martinen emanaldiekin gozatu ahal izan zuten gaztetxea bete zutenek, eta hurrengo bi ostiraletan hainbat emanaldi indartsu izango dituzte. Urtarrilaren 19an, Planeta Def eta Dukkha egongo dira agertokiaren gainean, eta urtarrilaren 26an Su Ta Gar.

«Azken aldi honetan ez gaude geldi egoteko», esan du Alex Goikoetxea gaztetxeko kideak. «Aukera sortu zen Glaukoma, Planeta Def eta Su Ta Gar taldeekin emanaldiak antolatzeko, eta aurrera egin genuen». Taldeei «oso eskertuta» daudela esan du Goikoetxeak. Planeta DEF eta Dukkha taldeen emanaldirako egun berean eta gaztetxean bertan izango dira sarrerak salgai, zortzi eurotan. Su Ta Gar taldearen kontzerturako sarrerak salgai daude dagoeneko, zortzi eurotan, Alegiako Hilario tabernan. Orain zazpi urte inguru izan ziren Su Ta Gar taldekoak azken aldiz Alegian.

Bestetik, Gaztetxeak burutu berri ditu abenduan 30. urteurreneko ekitaldiak. Balantzea egiterakoan «oso positiboa» izan dela dio Goikoetxeak: «Ekitaldi guztietan jendearen erantzun ona ikusi dugu. Aurreneko unetik laguntzeko prest egon den jende berria izan da. Egia esan, gogoz gaude aurrera jarraitzeko, horrelako lan talde polita izanik». Ikusi dute 30. urteurrenak oihartzuna izan duela kanpoan. «Horrek jendea ere animatu du parte hartzera eta bere laguntza ematera», esan du Goikoetxeak.

HOBEKUNTZAK FINANTZATZEKO, EKIMENA

Urtarrilean ere martxan jarri du ekimen bat gaztetxeak, egin nahi dituzten obra batzuentzako dirua lortzeko. «Komuna jarri nahi dugu, barra handitu eta lurra berritu», esan du Goikoetxeak.

Dirua biltzeko ekimenerako panel moduko bat jarri dute Hilario tabernan, ehun zenbaki dituena, 00tik hasi eta 99ra arte. Zenbaki bakoitzak 60 euro balio ditu, eta hori erosten duenak urte guztirako izango du zenbakia. ONCEk ostiralero ateratzen duen kupoi sarituaren azken bi zenbakiak dituenak 50 euro jasoko ditu sari moduan.

Nahi adina zenbaki hartu daitezkeela azaldu dute gaztetxetik, edota talde baten izenean ere hartu daitezkeela. «Garbi utzi nahi duguna da diru hori gaztetxean egingo diren hobekuntzetara bideratuko dela», zehaztu du Goikoetxeak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!