Zutik iraun aurretik, bazkaltzera eseri dira

Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko abe. 16a, 15:50

Alegiako Gaztetxeak, bere 30. Urteurrena betetzen du aurten. Hori dela eta, egun osoko festa antolatu dute, gaur, bertan. Gauean, musika taldeen kontzertuak entzuteko aukera izango da.

Aurten, honako leloa aukeratu dute urtemuga borobila ospatzeko: zutik, bizirik eta bibalabirjen! Garai bateko tren geltokiko biltegian, geroz eta gazte gehiago biltzen direla diote, eta aurretik, abenduan zehar antolatu dituzten ekitaldietan parte hartze altua nabaritu bada ere, gaurko festa eguna, jendearen gogoaren erakusleiho izaten ari da. Gaztetxeko kide eta urteurreneko antolatzaile den Alex Goikoetxeak adierazi duenez, “urritik hona lan handia egin dugu egun hau antolatu eta aurrera eramateko, eta herriko gazteak elkartzeko aitzakia ederra da”.

Goizean, ezer egin ez badute ere, geroago, 14:30eak aldera, jendea biltzen hasi da Gaztetxean, bertan egin baitute, urtero moduan, babarrun jatea. Aurten, 50 bat lagun bildu dira babarrunak, odolkia, txorizoa eta saiheskia dastatzeko. Horren segidan, bertso batzuk entzun ahal izan dira, bertako bertso taldeko kideen eskutik. “Herriko gazte ezberdinok, bertsotarako dugun zaletasuna asetzeko, saio entretenigarria eta dinamikoa eskainiko dute, umorez josia”.

Musikak ere izango du bere lekua, mahaitik altxa orduko. Izan ere, PaTxaranga txarangaren eskutik, kalejira egingo dute alde zaharreko kaleetan barrena, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. "Txarangarekin kontatzea beraientzako baliabide ona izan daiteke, kalera ateratzeko aukera dutelako, eta gure aldetik, gaurkoan ere, eskertzekoa da eman diguten erantzuna".

Hala ere, Gaztetxeko kideek bazuten kezka puntu bat jendearen falta sumatuko zuten hala ez, zeren eta gaurko euskal derbya, HatortxuRock jaialdia, Jokin Altunaren partida edota biharko BEC-eko finala direla eta, baliteke jende ugari ez animatzea bazkalordutik aurrerako parrandara. "Ekimen horiek baldintzatu dezakete jende gehiago erakartzea, baina biltzen garenok, berdin berdin ospatuko dugu", adierazi du Goikoetxeak.

Gauean berriz, Gaztetxearen lehen urtetan, kontzertuek izan zuten lekua eta xarma mantentzen jarraitzeko aukera izango dute gazteek, 22:30eatik aurrera, Nomadak eta EtsaiakEroak taldeen kontzertuez gozatzeko aukera izango delako, 8 euroren truke. Azken horiek, gainera, disko berria aurkezteko emanaldia eskainiko dute. “EtsaiakEroak taldea, Gaztetxea desagertzear zegoela, hemen bertan, elkartasun kontzertua eman zutenetako talde bat izan zen, eta beraz badu lotura historiko bat”, gaineratu du Goikoetxeak, eta gehitu du, "ez dugu ahaztu behar aldarrikapen egun bat dela gaurkoa, eta Gaztetxeak izan dituen mugimenduek, beti izan dute harreman estua musikarekin, eta kontzertuak festarako aukera handia ematen dute".

Erlazionatuak

"Altxorrak" zutik iraun dezan

Imanol Garcia Landa 2017 abe 15 Alegia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!