Gabonetako kanpaina jarriko dute martxan bihartik aurrera

Imanol Garcia Landa 2017ko aza. 30a, 09:30
Udaleko eta merkatari taldeko ordezkariak, kanpainaren aurkezpenean.

Alegiako Udalak eta merkatari taldeak antolatuta, saski eder bat eta bidaia bat zozkatuko dituzte abenduaren 22an.

Aurten ere Zaku bete opari Gabonetako kanpaina jarriko dute martxan Alegian. Udalak eta merkatari taldeak antolatu dute elkarlanean bigarren urtez, eta bihar jarriko dute martxan. Horrela abenduan Alegian erosketak egiteak saria izango du. Alegiako merkatari taldeko kide diren saltokietan kontsumitzen dutenek zozketa batean parte hartzeko eskubidea izango dute. Zozketa hori abenduaren 22an egingo da, eta bi sari banatuko dira. Sari nagusia, iaz bezala, kanpainan parte hartu duten saltoki eta tabernek eskainitako produktuekin osaturiko saski bikain bat izango da. Denetik izango du saskiak eta Maitere janari dendako erakusleihoan izango da ikusgai kanpainak irauten duen bitartean. Bigarren saria, berriz, bidaia bat izango da.

Nati Murua zinegotziak azaldu duenez, «kanpaina horren bidez jendea herriko saltoki eta tabernetan kontsumitzen jarraitzea bultzatu nahi da, eta aldi berean kontsumitzaile horien fideltasuna eskertu nahi da». Muruak gaineratu duenez, «merkataritza osasuntsu bat izateak bizia ematen dio herriari eta horrek denoi egiten digu mesede». Bide batez, Alegiako Udalak eskerrak eman dizkio Alegiako merkatari taldeari kanpaina antolatzeko egindako ahaleginagatik eta herriko denda eta tabernetan kontsumitzeko gonbita luzatu die alegiarrei eta herrira joaten diren guztiei.

Bere aldetik, merkatarien taldetik azaldu dutenez, iaz egindako kanpainan kontsumoa ez zen gehitu, baina hori ez da egitasmoaren helburua. «Jendea kontentu zegoen kanpaina egin genuelako», zehaztu dute merkatariek. «Sari bezala pentsatzen dugu kanpaina hau, betiko bezeroak mantentzeko, eta hori guretzat garrantzitsua da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!