«Bizitzan 'honetara ezkero' guztiek dute 'hemendik aurrera' bat»

Imanol Garcia Landa 2017ko aza. 29a, 11:13

Arantxa Iturbek (Alegia, 1964) Honetara ezkero ipuinen liburua argitaratu du Susa argitaletxearekin. 29 ipuin sartu ditu bertan.

Oraingoan ipuinak idaztea egokitzen zen?

Ez da txanda kontua edo egokitze kontua, baizik hala aukeratuta. Ipuinak nire-nireak dira. Eta oraingoan erabaki dut egin nahi nituela, egin ditut eta kalean daude dagoeneko.

Zergatik sartu dituzu 29?

Egia esan 30 ipuinetara iristeko helburua jarri nion nire buruari. Ez dakit zergatik jartzen ditugun horrelako helburuak, baina behin hasita 30 egitea pentsatu nuen. Zuzenketak eginez, eta bat eta bestea neurtzen, jabetu nintzen 30.enak eta 31.enak ez zutela tokirik bilduma horretan eta horregatik kendu egin nituen, eta 29 geratu ziren.

Eta badute euren artean loturarik?

Ez, erabat autonomoak dira. Lotura bakarra dute izenburuak nolabait kontzeptualki lotzen dituela. Egoera gehienak dira honetara ezkero bat. Hori da oinarri-oinarrian izan dezaketen lotura, baina ez da pertsonaiarik edo egoerarik errepikatzen. Bakoitza bere aitarena eta bere amarena da.

Justu izenburuaren inguruan galdetu behar nizun, baina nolabait erantzun duzu.

Honetara ezkero niretzat oso espresio... ez dakit ederra esan, gure artean asko erabili izan duguna bai behintzat, eta jabetzen naiz inguruan oso gutxi erabiltzen dena, eta jendeak askoz gehiago esaten du es lo que hay eta llegados a este punto. Niri honetara ezkero geniala iruditzen zait, batez ere lagun batek esan zidanetik bizitza honetan edozein egoera zailetan edo erabakiak hartu behar ditugunean gehienok honetara ezkero batekin, erresignazio moduko jarrera batekin gaudela; eta bizitzan honetara ezkero guztiek dute hemendik aurrera bat. Norberak erabaki behar izaten du une batean bere jarrera honetara ezkero edo hemendik aurrera den.

Ipuin guztiek badute horri begira egiten den hausnarketa?

Ez esplizituki. Honetara ezkero ipuin bakarrean aipatzen da. Baina denek dute honetara ezkero bat, batzuetan apokaliptikoa.

Liburua irakurtzeko gomendiorik?

Hori izaeraren arabera da. Bi lankide elkarrekin aritzen gara, urte asko daramatzagu elkarrekin, eta bonboi bat hartutakoan, izaeraz oso modu ezberdinean jaten dugu. Bietako batek egiten du bonboia irentsi eta hitz egiteko ahalmenik gabe geratu, eta besteak, aldiz, hartu eta pixkana pixkana miazkatu egiten du. Liburuarekin berdin, eta hori du ona liburuak: idazle batek ezin dio sekula agindu nola irakurri irakurleari.

Zer ematen dizute zuri ipuinek?

Niri asko gustatzen zait ipuinak idaztea eta batez ere ipuin oso laburrak eta didakoak. Asko gustatzen zait ipuin bakoitzak bere sorpresa txikia izatea. Gustatzen zait irakurlea irribarre gaizto batekin harrapatzea. Hori da gustatzen zaidana irakurle bezala eta idazten ari naizenean horretan saiatzen naiz. Askotan lan gehiago egiten dut laburtzen eta kentzen, eta gutxira ekartzen, esan nahi dudan hori luzatzen baino. Eta hor sentitzen naiz eroso, eta gustura. Gozatu dut ikaragarri idazten, eta kimatzen. Batzuetan ikusten dut nire burua bonsai egile bezala, eta ipuin bakoitza da bonsai txiki bat bezala eta orduan sufrituarazten diot, eta kimatzen dut, eta mozten dut, eta hemendik eta handik eramanarazi. Txiki egitea gustatzen zait.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!