II. Argazki Rallya antolatu dute Alegian iganderako

Ataria 2017ko azaroaren 28a

Iaz egin zuten I. Argazki Rallyaren saridunak.

Hiru mailatan banatuko dituzte parte hartuko duten argazkilariak: haurrak, gazteak eta helduak.

Bigarren urtez antolatu dute Alegiako Argazkizaleen Taldekoek argazki rallya herrian. Igandean egingo da, Euskararen Egunean, eta aurtengo berezitasuna haurrek parte hartuko dutela izango da. Horrela, lehen maila HH eta LHko haurrak izango dira, bigarren maila DBHkoak diren gazteak izango dira, eta helduak izango dira hirugarren maila osatuko dutenak, hau da, 16 urtetik gorakoek.

Izena emateko aukera 09:30etik 10:00etara izango da, herriko plazan edota udaletxe azpian. Jendeari gaiak emango zaizkio izena eman ahala, eguerdian jasoko dira argazkiak eta hurrengo egunetan erabakiko dituzte antolatzaileek sariak. Haurrek gai bakoitzeko argazki bat atera beharko dute, eta gazte eta helduek bost edo sei argazki atera beharko dituzte gai bakoitzeko. «Gai berdina jarriz, askotan argazkiak ateratzerakoan gazteek izan ditzaketen ikuspuntuak sorpresa ematen du», esan du Ibon Azpilikueta Alegiako Argazkizaleen Taldeko kideak. Eguerdi partean bilduko dira parte hartzaileak eta orduan emango zaie azkeneko gaia denei, berdina izango dena, eta tarte labur bat izango dute argazkiak ateratzeko.

Sariei dagokionez, maila bakoitzeko bilduma onena eta argazki onena sarituko da, eta parte hartzaile guztien artean sari berezia izango da jokoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!