Soinu landuagoarekin datoz

Imanol Garcia Landa 2017ko aza. 24a, 12:00
Bi Bala taldekoak entsegua egiten Bonberenean: IƱaki Gurrutxaga, Aitzol Barandiaran, Julen Goikoetxea eta Xabier Etxeberria.

Urtebete pasatu da azken kontzertua eman zutenetik, eta bihar azalduko dira berriz ere taula gainean, Arazo modernoak izeneko disko berria aurkezteko. Bi Bala taldekoek Tolosako Bonberenea etxean grabatu dute lan berria, hirugarrena, eta hango agertokian neurtuko dute publikoaren berotasuna.

Disko berria “kontzienteki egindako lana” dela azaldu du Iñaki Gurrutxaga gitarra jotzaile eta abeslari oriotarrak. “Neurri batean, martxan gindoazen bitartean egin genituen aurreko diskoak. Eginda geneuzkan kanta batzuk bildu genituen aurrenekoan; propio diskoari begirako abesti batzuk sartu genituen bigarrenean, baina kontzertuak ere eman genituen bitartean; eta abestiak onduz joateko geldialdia egin dugu orain. Gehien pentsatutako diskoa izan da”.

Lan berria osatzeko hartutako denborak eragina izan du diskoaren soinuan ere. “Soinu ezberdin asko” bildu zituzten lehenengoan; “kolorea” eskaintzen saiatu ziren bigarrenean; eta “batuagoa” da hirugarrena. “Neurri batean, enpastatuagoa da disko hau”, azaldu du Gurrutxagak. “Motzagoak dira abestiak, eta pixka bat sendoagoa da diskoa. Bederatzi abesti ditu, ordu erdian bilduta. Azkarragoa da, kolpekoagoa”.

Hitzak, berriz, aurrekoen norabide berekoak dira: zirikatzaileak eta hausnartzeko bidea eman nahi luketenak. “Hasieratik hartu genuen izaera zirikatzaile hori, umore probokatzailea”, esan du Aitzol Barandiaranek, taldeko abeslari ataundarrak. “Esan daiteke gure hitzen eta zuzeneko emanaldien bereizgarria dela umorearekin gai serioetan behatza sartzea”. Gizarteko gaiak eta gai politikoak landu dituzte hirugarren diskoan ere. “Askori heltzeak beldurra emango liekeen gaiak dira, baina erraz sartzen dira umore pixka batekin landuta”.

Kontzertu asko egin zituzten aurreko diskoaren aurkezpen biran, eta, pixkana, euren burua “nekatzen-edo” ari zela antzeman zuten. “Geldialdi bat behar genuela sentitu genuen”, esan du Gurrutxagak. “‘Disko bat egingo dugu, edo Bi Bala proiektua gelditu egingo da'; hausnarketa hori egin genuen. Gure dinamikari eutsi ahal izateko helduleku ona izan da disko berria planteatzea”. Grabaketari data bat zehaztearen garrantzia azpimarratu du Xabier Etxeberria Pitxu baxu jotzaile ataundarrak: “Gainerakoan geurezkoa dugulako alferkeria. Hainbat kontzertu egin ondoren, eta azkar aspertzen garen horietakoak izanik, gauza berriak probatzeko gogoa geneukan”.

Grabatzeko lanak hasieran pentsatu baino luzeagoak izan direla azaldu du Julen Goikoetxea bateria jotzaile alegiarrak: “Aurreko diskoarekin alderatuta, oraingoan grabatzen ari ginen hori gehiago landu dugu estudioan. Grabatzeko lana serioago hartu dugu instrumentuz instrumentu, eta horren eraginez izan da grabaketa bera eta nahasketa prozesua uste baino luzeagoa”. Prozesu horrek “nekea” eragin diela gaineratu du Goikoetxeak: “Nekatuta bukatu dugu, egun asko igaro ditugulako beti gauza berberak entzuten”. Bateria jotzaileak aitortu du alde batetik “polita” dela ikustea kantak nola ari diren forma hartzen. “Baina, bestetik, neke sentsazioa izaten da azken nahasketa entzutean. Luze joan da, baina aurrekoa baino gehiago landu dugulako gertatu da hori”.

Kontzerturako, “gogotsu”

Gurrutxaga eta Barandiaran arduratzen dira abestien hitzez, eta aldatuz joan da musika sortzeko ardura. “Hasieran, nire ardura izan zen doinuak sortzea”, esan du Gurrutxagak. “Pitxu sartu zen taldean ondoren, eta kantak taldean sortuz joan gara talde itxura hartu ahala”. Lehen hilabeteetan, Gurrutxagak berak egiten zuen abesti baten proposamena, eta hori izaten zen kantak eraikitzeko oinarria. “Orain, ordea, denok ekartzen dugu zerbait, eta denon uztatik zerbait izaten du kanta bakoitzak”.

Bi Bala taldeko kideek garrantzia eman diote diskoaren salmentari, sortu zaizkien gastuei aurre egiteko, batez ere. “Guk eskaintza berriarekin joan nahi dugu kontzertuetara”, adierazi du Etxeberriak. “Azken batean, gure aurkezpen karta delako diskoa”, eman dio errematea Gurrutxagak: “Saldu izan dugunarekin ez gara gelditu izan zorretan, zortea izan dugu; hori bai, irabazi handirik ere ez dugu izan”. Modu fisikoan bakarrik salduko dute hirugarren lana, dohainik eskainiko baitute euskarri digitaletako eskaintza guztia. Bihar Bonberenean joko dute disko berriaren lehen kontzertua; 22:30ean hasiko da emanaldia. “Gogotsu gaude”, azaldu du Goikoetxeak. “Urtebete pasatu baita iazko azaroan azken kontzertua eman genuenetik”.

Orain arte ez dute izan kontzertu faltarik. “Harrituta ere bagaude, alde batetik”, aitortu du Barandiaranek. Biharkoaz gain, beste bost edo sei kontzertu lotuta dauzkate urtea bukatu arte, eta gehiago izateko aukera ere badaukate. “Gogotsu gaude jendeari urtebeteko lana erakusteko eta eurek sentitzen dutenaren erantzuna jasotzeko. Hori da gure tenperaturarik onena. Lana ona izan bada, uste dut zuzenekoetan antzemango dugula jendearen erantzun on hori”, amaitu du hausnarketa Barandiaranek. Abesti berriez gain, aurrekoak ere joko dituzte biharko kontzertuan. “Jendea une oro ezustean ez hartzeko”.

Erlazionatuak

'Bi Bala' taldeari elkarrizketa

Tolosaldeko Ataria 2017 aza 24 Alegia   Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!