«Ikusi da jendea oso interesatua dagoela memoria historikoarekin»

Imanol Garcia Landa 2017ko aza. 22a, 11:00

Memoria historikoaren inguruko proiektua burutzen ari dira Alegiako Udala eta Aranzadi Zientzia Elkartea. Bulegoa jarri da udaletxean, abenduaren 1a arte ostiraletan jendea bertara joan eta bere lekukotza emateko. Ione Muxika Luluaga dago bertan testigantza horiek jasotzeko.

Zer moduz doa orain arte Alegiako udaletxean jarritako bulegoaren jarduna?

Egia esan oso ondo doa. Jende dezente hurbildu da, batetik eta bestetik informazio asko iritsi zaigu, eta ikusi da jendea oso interesatua dagoela gaiarekin. Azkenean gure helburua da orain arte isilpean egon den egia argitaratzea eta jende horri erreparaziorako bidea ematea denez, horrelako harrera izatea herritarren partetik oso gustagarria, ona eta denentzat pozgarria da.

Zein joan daiteke bulegora testigantza ematera?

Printzipioz 1936 eta 1945 urte arteko Alegian bizi zen edo senideren bat zuen oro etor daiteke. Azken finean, urte horien bizipenak dituztenak, bai emakume zein gizonezko. Alegiako egunerokotasuna bizi izan zutenak, hau da, herrian bizi zirenak, ikusi zutenak egunerokotasunean zer gertatzen zen, jendeari zer gertatzen zitzaion, eta nola bizi izan zen une hori, eta baita gerran izan zituzten jendeak, bai miliziano edo gudari moduan, edota baita erbestera joan behar izan zutenak. Bere egia erreparatzea da helburua. Isilpean egon den memoria da hau, eta barne min hori atera eta erreparatzeko. Ez dago hemen inongo gorrotorik; egia jakitea da helburua, erreparazio lan bat egitea.

Jendeari ukitzen dioten gaiak dira. Ez da erraza izan behar bulegora joatea beraientzat, baina hala ere joaten dira.

Hori da, eta etorri diren guztiei eskerrak eman nahi dizkiet. Ez da gauza erraza hainbeste urtetan zehar gordeta egon dena ateratzea, familian edota gertukoekin baino ez dena hitz egin. Hona etortzea pauso handia da jende honentzat guztiarentzat, eta guretzat ere bai. Metodo zientifikoen bitartez, artxibo ikerketa zein testigantzen bidez burutzen ari garen lanari amaiera emateko ezinbestekotzat jotzen ditugu pertsona hauek guztiak. Hauen egia gizarteratu egingo da eta testigantza hauek balioko digute gertatu zena berriro gerta ez dadin, eta hortik ikas dezagun.

Nola jasotzen dituzue testigantzak?

Bulegora etortzen den orori ematen zaio aukera grabatzeko edo ez. Konpromiso orri bat ematen zaio eta horren arabera Aranzadik zehazten du bideo hori erabiliko dela proiektu honetarako bakarrik eta bertako datu basean sartuko dela. Beste edozein proiektu egin behar izanez gero, derrigorrez Aranzadik baimena eskatu behar du.

Abenduaren 1a ondoren lanak ere jarraituko du. Aukera izango da aurrerago testigantzak emateko?

Ni ostiraletan hemen egongo naiz, abenduaren 1aren ondoren normalean ere bai. Bestalde, interesa duen edonork imuxika@aranzadi.eus helbidera idatz dezake, edozein zalantza azaltzeko eta nahi izanez gero hitzordua adosteko. Horrez gain, informazioa biltzen ariko naiz udal artxiboan. Gero, testigantzak eta informazioa argitalpen batean bilduko dira. Guztiz erreparatuko ez den arren, gertatu zena jakiteko beharrezkoa da: hor egon ziren, gizartearen parte ziren eta bizitakoa ez zen nolanahikoa izan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!