«Punka garai hartako espresio agerikoena da»

Imanol Garcia Landa 2017ko aza. 16a, 09:30

Alegiako Gaztetxearen 30. urteurreneko egitarauaren barruan, hitzaldia emango du gaur Jakue Pascualek (Donostia, 1961) Movimiento de resistencia, años 80 en Euskal Herria bere liburua abiapuntu hartuta. Gaztetxean izango da hitzaldia, 19:00etan hasita.

Nola bideratuko duzu hitzaldia?

30 urte bete dira Alegiako Gaztetxea sortu zela, eta liburuan azaltzen den historiaren parte da. Lehenengo liburu honetan gehiago bideratu dugu punka, euskal rock erradikalaren garapena, garai hartako espresio mota indartsuenetakoa bezala azaltzera. Indartsuena, eta baita agerikoena ere. Ez zen haustura bat izan bakarrik musikan, baita estetikan ere. 1983 eta 1985 inguruan zabalduko den mugimendu bat, eta 86-87an oso indartsua izango dena. Ziklo baten amaiera izan zen, gizarte estatuaren hausturaren hasiera. Eta punka da garai horretan sortzen den espresio bat. Musika hor dago, baina egitura alternatibo baten garapen garrantzitsua ere badago kontra-informazioaren inguruan. Kontuan izan behar da 80ko hamarkadaren erdialdera 50 irrati libre zeudela eta horiek bezainbeste gaztetxe. Horri ere gaineratu behar zaio ere hainbat mugimendu sozialen garapena: antimilitaristak, ikasle mugimendua, emakumeena, ekologistak... Horiek ere edaten dute iturri komunetatik, belaunaldi horretako energiatik, bere erlazio politikoak birdefinitzen ari direla.

Zer geratzen da garai hartako mugimenduetatik?

Mugimendua garatzen joan da, eta nik uste dut modu positiboan izan dela. Martxan jarri nahi den esperimentu bakoitza eskarmentu garrantzitsu batetik abiatzen da, aurretik egin diren esperimentu batzuetatik, zeinak mahai gainean jarri dutenak modu autogestionatuan gauzak egiteko aukerak. Funtzionatu dute eta funtzionatzen jarraitzen dute. Ikasketa hori hor dago. Gaur egun sortzen ari diren esperimentuak nire ustez sendoagoak dira, eta kasu batzuetan gauzak garbiagoak dituzte. Lehen esperimentuak espontaneoagoak izan ziren, eta ikasketa horrek sortu du eskarmentu garrantzitsu bat orain, eta horrek laguntzen du esperimentu berriek gauzak garbiagoak izan ditzaten, eta indartsuagoak izan daitezen. Hori bai, kontuan izan behar dugu tokiko kapitalaren interesa dela esperientzia horiek ezabatzea, batez ere kontrako jarrera puntu garrantzitsuak direlako politika egiteko modu bati eta hori eremu sozialera eramateko.

Hitzaldia gaztetxe batean izateak zer suposatzen du zuretzat?

Gaztetxeekin harreman estua dut, asko gustatzen zaizkit. Jende gaztea gaur egun bizitzen ari dena ezagutzeko modu bat da, eta beti interesatu zait jende gazteak zer pentsatzen duen eta zer egiten duen jakitea. Polita da ospatzea badirela mugimenduak 30 urte daramatzatenak funtzionatzen, eta gainera aisian eta kulturan alternatibak eskaintzen dituztenak, zeinak mantentzen garrantzitsuak diren. Badakigu zein den erakundeetatik ematen den kultur eskaintza eta baita zein den kulturari ematen zaion definizio ideologikoa. Kultur eskaintza erraldoiaren alde egiten da, azpiegitura handiak sortuz, eta kapital mota jakin bat eraginez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!