«Sake errestoan konfiantza galdu nuen»

Asier Imaz 2017ko aza. 1a, 07:54

Lau t'erdiko txapelketa amaitu da alegiarrarentzat; ligaxkan partidarik irabazi ez duen arren, hor egon da, onenen artean.

Iaz lesioagatik ez zuen lau t'erdikoan parte hartu Iñaki Artolak (Alegia, 1994). Aurten, zortzi onenen artean sartu da. Final-erdietako hiru partidak galdu arren bolada txarrek, onek bezala, hasiera eta amaiera bat izaten dute.

Zer nolako balantzea egiten duzu?

Nahikoa txarra; edo erdi ipurdikoa. Txapelketara nahikoa txukun iritsi nintzela uste dut, behintzat eskuetako arazorik gabe eta entrenamendu batzuk eginda. Agian nahi nuen joko puntturik ez nuen, baina gaizki ez. Egia esan gehixeago egitea espero nuen.

Lasori irabaziz hasi zenuen txapelketa.

Baina ez zait iruditzen joko handirik erakutsi nuenik. Gero maila handiko pilotariak tokatu zaizkit, eta horien aurka ez baldin bazara ikaragarri ondo aritzen, pixka bat jaisten baldin bazara, zapaldu egiten zaituzte.

Zure jokoa ezin aurkitu ibili zarela ematen zuen kanpotik.

Ez dakit esaten zergatik izan den baina horrela da. Askotan konfiantza kontua izaten da, besterik gabe. Nire ustez sake errestoan konfiantza galdu nuen, batez ere, Ezkurdiaren aurkakoan. Izugarrizko zuloa egin zidan hor, eta gero mamu horrekin ibili naiz; burutik ezin kendu. Txapelketa hor joan zait.

Kolpe handia izan al da?

Momentuan dezentenko kolpea izan da, bai. Ligaxkako bigarrengo partida oso gogorra izan zen. Eman nuen itxuragatik eta eduki nituen sentsazioengatik. Bizi guztia pilotan besterik ez dugu egin, eta han, inoiz ibili ez bagina bezala sentitzen nintzen. Konfiantza galtzen duzu. Hilabete bat lehenago erraza ikusten zenuen hura oso zaila egiten zaizu, eta ez zaizkizu gauzak ateratzen. Azken partidan, galdugatik, sentsazioak pixka bat berreskuratu nituen; berriro ere pilotari sentitu nintzen, eta horrek animoak altxatzen laguntzen dizu.

Altuna III.ak azken bi urteetan txapelketa egurra jasoz hasi du. Eta ondoren, begira. Hor bada zer ikasia, ezta?

Izugarrizko meritua dauka. Galdu zuen bezala galdu zuen, baina ez da ahaztu behar Urrutikoetxea oso on baten aurka galdu zuela. Gero Jokinengatik ikasteko gauza asko daude, ez aspektu psikologiko edo taktikoa bakarrik. Maila oso altuan dagoen pilotaria da, eta denak bezala partida txarren bat egin dezake, ez dauka edonork berak duen maila.

Alde onei begiratzea tokatzen da?

Onak ere badaude, noski. Lesioaren ondoren berriro final-laurdenetan sartu gara. Lesio garaian firmatuko nukeen zerbait da. Puntako pilotarien aurka hiru partida jokatu ditut, eta eskuetan, normalak diren arazo txikietatik aparte, ez dut kexarik izan.

Eta kirol guztietan bezala, boladak izaten direla ez da ahaztu behar.

Ez da denbora asko Donostiako Torneoa irabazi genuela. Orduan kasik onena zarela sinesten duzu. Gero galdutakoan kasik txarrena zarela pentsatzen duzu. Baina gauzak ez dira horrela. Urte guztian jokatutako partidak hartu behar dira mailaz hitz egiteko. Txapelketan emandako itxura hori badakit ez dela gure mailaren adierazgarri. Boladak denbora gutxian alda daitezke, eta nire ustez, nabarmena da zer hobetua badugula. Agian egunen batean goi maila horretan ibiltzeko gaitasuna ikusten diot nire buruari, eta horretara joango gara. Kasu honetan goitik antzeman ditut. Horiei irabazteko zer egin litekeen ikusi behar da, eta entrenatu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!