«Ahalik eta kantu eta zuzeneko onenak egiten saiatzen gara»

Imanol Garcia Landa 2017ko urr. 26a, 11:25

Mikel Markezek kontzertua eskainiko du, bihar, Alegiako Elizpe zinema aretoan. Emanaldia 22:00etan hasiko da eta Markezekin batera Arkaitz Miner musikaria ariko da. Kontzertuari buruzko informazio gehiagorako kultur etxera jo daiteke.

Lehenengo aldia izango da Alegian kontzertu bat eskaintzen duzula?

Orain hamabost bat urte kantatu nuen ostiralean kantatuko dudan leku berean, eta baita lehenagokoak ere. Bittor Aiaperekin ere abestu nuen orain dela hogei urte baino gehiago frontoian. Alegian buelta batzuk egin ditut, eta Gaztetxean ere izan naiz.

Zer emanaldi mota izango da?

Formatu akustikoan izango da. Arkaitz Miner musikariarekin joango naiz, eta honek mandolina, biolina eta gitarra akustikoa joko ditu. Ni gitarra klasikoarekin eta ahotsarekin ariko naiz. Abiapuntu nagusia azkeneko diskoa izango da, Indar bat dabil hor, baina lehenagoko kantuak egingo ditugu, ibilbide osoaren errepaso moduko bat.

'Zure begiek' abestiak ere bere lekua izango du?

Egingo dugu, jendeak nahi badu behintzat. Esan daiteke nire lehen kantalditik dabilela nirekin kantu hori. Bere kabuz dabilen abestia dela sentitzen dut. Esango nuke neurea eta nirekin eraman dudana baino gehiago, bidelagun bat dela, nirekin parean tokatu dena.

Publikoak egiten dituen eskarietara irekita zaude?

Tarteka gertatzen da norbaitek ahotsa altxatu eta abestiren bat eskatzea. Ni horretan nahiko malgua naiz. Nire eskarmentua izan baita urte askotan gitarrarekin batera eta bestera ibiltzea, eta horrek ematen dizu malgutasunerako aukera. Musikari mordoxka batekin bazoaz, agian emanaldia itxiagoa duzu, ez duzu aukerarik egiteko jendeak eskatzen duena. Nik normalean aukera izaten dut, beraz norbait kapritxoren batekin etxetik ateratzen bada, emanaldiaren amaieran-edo altxa dezala ahotsa eta eskatu dezala, eta ikusiko genuke emateko aukera dugun.

Bakarlariek ematen dituzten kontzertuak gutxitzen ari dira gaur egun?

Gizartea hainbeste aldatu da... Gu hasi ginenean bi telebista kate bakarrik zeuden, eta bideoak-eta asmatzeko zeuden. Musikari bat ikustea askotan gertatzen ez zena izaten zen. Gaur egun hori guztia aldatu da. Jendeak harritzeko gaitasuna galdu egin du neurri batean, eta horrek guztiak baldintzatu du bai gure ibilbidea, zuzenekoak eta disko salmentak ere. Internetek gure bizitza aldatu du eta jendearen kontsumitzeko modua ere bai. Lehen diskoak erosten ziren eta orain kantuak jaisten dira, eta kantari baten ibilbidetik kantu batekin agian nahikoa duzu.

Halere, ni nagoen lekutik behintzat, esan dezaket guretzat ez dela hainbeste aldatu. Panorama aldatu da noski, baina guk jarraitzen dugu jarrera berdinarekin: ahalik eta kantu onenak egin, eta ahalik eta zuzeneko onenak prestatu, eta kantuak ahalik eta nobleen eman jendeari, saiatuz kantu horiek balio diezaien beraien bizitzan. Hor ikusten dut jarraipena duela gure estetikak, kantautoreak edo kantuen hitzetan zerbait esan nahiko genukeenen lekua. Hori behintzat zorionez ez da aldatu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!