Txintxarriak Martxan egitasmoak bigarren denboraldia hasiko du ostegunean

Imanol Garcia Landa 2017ko urr. 23a, 16:40
Txintxarriak Martxan egitasmoko antolatzaileen eta laguntzaileen ordezkariak.

Ekainaren 21a bitartean guztira 30 irteera egingo dira ostegun goizetan. Lehenengo denboraldian jasotako erantzun onari eusteko helburua dute antolatzaileek.

Adineko pertsonek ariketa fisikoa egitera bultzatzea eta beraien arteko harremanak sustatzea helburu du Txintxarriak Martxan egitasmoak. Urriaren 26an hasiko den denboraldian, funtzionatzeko modua aurreko ekitaldiaren bezalakoa izango da, hau da, ibilaldiak ostegunetan 10:30ean abiatuko dira plazatik, eta ondoren hamaiketakoa egiteko aukera izango dute parte hartzaileek, herriko hainbat tabernek eskainia.

Aurreko ekitaldian bezala, adin tarte ezberdinetako pertsonek ibilbide ezberdinak egiteko aukera izango dute, eta irteera bakoitzean talde eta elkarte ezberdinetako laguntza izango dute bertan parte hartzen dutenek. Aralar institutua, erretirodunen elkartea, Nagusilan eta eliza dira laguntza eskainiko duten elkarte horiek. Ekimena Alegiako Udalak eta Alegiako Osasun Zentroak elkarlanean antolatu dute bigarren denboraldi honetan ere, eta udalak eskerrak eman dizkie ibilbideetan laguntza ematen duten elkarte eta norbanako guztiei.

Iazko ibilaldietan parte hartu zutenek txartel berria izango dute eta ez dute berriz ere izena eman beharko. Horrekin batera orain arte ibilaldietan parte hartu ez duten guztiei, aurtengo ekitaldian parte hartzera gonbidatzen zaie, eta izena emateko aukera urriaren 26an bertan, ekimena hasi aurretik, udaletxeko plazan izango dutela jakinarazten zaie.

Aurreko denboraldian izena eman zutenak 90 pertsona inguru izan ziren, eta ostegunero irten ziren pertsona kopuruaren bataz bestekoa 70 ingurukoa. "Bai parte hartzaileen eta bai elkarteen artean lehenengo urtea izanik, sortu zen dinamikarekin balantze oso positiboa egin du udalak", azaldu du Unai Iraola alkateak. "Herritik sortu den dinamika bat da, parte hartzaile beraiek ere gustuz aritu dira eta aurretik jarri ziren helburuak hein batean bete dira; horregatik egin da bigarren urtez, eta gogoz gaude martxan jartzeko".

Alegiako Osasun Zentroko Eva Rua Portu medikuak gaineratu duenez, "jendea oso pozik etortzen da parte hartzera, eta espero dugu aurten horrelako erantzuna izatea. Aurreko denboraldian lortutako arrakasta berdina lortzen badugu, nahikoa izango da. Jendea oso pozik etortzen da, batetik, ariketa fisikoa egiteko, eta baita jendearekin egoteko ere. Helburuak horiexek dira, eta hori lortu zen ekimenarekin".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!