Gonbidatu bereziak izango dituzte Txintxarri Egunean

Imanol Garcia Landa 2017ko urr. 18a, 17:25

Iazko Txintxarri Egunean, Txintxarri Abesbatzaren emanaldiaren une bat. T. GOMEZ

Txintxarri eta Txintxarri Txiki abesbatzek larunbat arratsaldean elizan eskainiko duten emanaldian txalapartariak eta gitarra jotzailea izango dira.

Larunbatean ospatuko dute Alegiako Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzek euren eguna, Txintxarri Eguna. Urtero legez, emanaldia eskainiko dute Joan Bataiatzailea Deunaren elizan, 19:45ean. Bi hamarkada pasatu dira lehen Txintxarri Eguna egin zenetik. 1998an egin zuten lehen ekitaldia, kantua oinarri izango zuen egun bat ospatzeko helburuarekin. Hogei urteotan emanaldi desberdin ugari egin dituzte herriko bi abesbatzek. Txintxarri Abesbatzako abeslari izan direnak eta elkarteko bazkide direnak goraipatzeko eguna ere izan da Txintxarri Eguna.

Garbiñe Orbegozo Txintxarri Abesbatzako zuzendariak azaldu duenez, «denbora azkar pasatzen da. Orduz geroztik eguna bera aldatzen joan da eta gaur egun ez da orduan egiten genuen moduan. Hori bai, izpiritua mantentzen da». Azken urteotan, abesbatzek eskaintzen duten emanaldira mugatzen da eguna. Aurten, pianoaren, gitarraren eta txalapartaren laguntzarekin arituko da Txintxarri abesbatza.

Orbegozok azaldu duenez, «duela hiru urte pentsatu genuen ideia ona izan zitekeela Txintxarri Egunean gure abesbatzez gain beste zerbait gaineratzea. Azken bi urteetan abesbatza gonbidatuak izan ditugu, eta aurten pentsatu dugun programarako txalapartariak eta gitarra jotzaileak behar ditugunez, musikariek ere beraiek bakarrik piezaren bat joko dezatela erabaki dugu». Musikari horiek abestea «berezia» izango dela esan du Orbegozok.

Txalapartaren musikarekin hasiko da emanaldia. Hernani Musika Eskolako Asier Ansa eta Irati Garciak joko dute txalaparta eta Agurra eskainiko dute.

Segidan, taldeko gazteenek abestuko dute Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean. Ozeaniako Torres Strait uharteetako abesti herrikoi bat eskainiko dute, Sesere eeye izenekoa. Ondoren, Kevin Stannard musikari eta konpositore britainiarraren doinu bat abestuko dute, Non dira? Josu Elberdin pasaiatarraren beste kantu bat ere abestuko dute, Alami (sea dance); eta Jim Papoulis musikagile amerikarraren doinu batekin amaituko dute, Kusimama izenekoa. Aurtengo ikasturterako «talde polita» osatu dutela esan du Orbegozok: «Partaide berriak ditugu eta 23 daude egun taldean».

Haurren saioaren ondoren, Iosune Marin gitarra jotzaileak Eduardo Martinen Mirandote obra eskainiko du. Eta emanaldiaren azken zatian Txintxarri abesbatzak abestuko du. Hain zuzen ere, Iosune Marinekin batera abestuko dute lehen abestia, Pablo Sorozabalen Baialdakizu maite? Hurrengo doinua ere Sorozabalena izango da, Euskaldun makilla.

Ondoren, Mikel Errazkin musikari hondarribiarra izango dute gogoan; Sorotan Bele taldeko kidea izan zen Errazkin. 2008an hil zen. Gerora estreinatu zuten berak egindako Lehenengo geltokian abestia, Elberdinek moldatutakoa. Abesbatzako lau neskak abestuko dituzte estrofak kantu horretako.

Segidan, estiloz erabat aldatu eta Venezuelako doinu herrikoi bat eskainiko dute, Goza mi calipso. Ken Zazpi taldearen Itsasoa gara abestia ere eskainiko dute. Mariaje Rekondo herritarrak lagunduko die pianoan zenbait kantutan.

Kontzertuari amaiera emateko, txalapartariekin batera abestuko dute Txintxarri Abesbatzako abeslariek, Josu Elberdinen Iaute iaute abesti dinamikoa eskainiz.

ADIN GUZTIENTZAKO

Kultura batzordeak adin guztietako herritarrei zuzendutako ekitaldiak prestatu ditu udazkeneko kultur egitarauan. Bihar hasi eta abenduaren 3ra bitartean luzatuko da eta adin guztietako herritarrei zuzendutako hamaika ekitaldi bilduko ditu. Kontzertuak, antzerkia, mendi irteerak, hitzaldiak, ipuin kontaketak… Denetik izango da. Alegiako Kultura batzordeak herritarrak ekintzetan parte hartzera animatu nahi ditu eta gogorarazten du, batzordeko ateak zabalik daudela etorkizunari begira proposamenak dituzten herritarrentzat.

Txintxarri Egunaz gain, aste honetan beste bi ekitaldi izango dira. Batetik, bihar ipuin kontaketa izango da eta igandean Alegiako Mendi Asanbladaren mendi irteera. Azken honetan Bedaio eta Altzo bitarteko ibilbidea egingo dute. 09:00etan elkartuko dira Tonto-kalen, eta kotxez joango dira. Izen ematea kultur etxean edo alegiakomendiasanblada@gmail.com helbidean eginda daiteke, eta azken eguna horretarako bihar da.

 

UDAZKENEKO KULTUR EGITARAUA

Urriak 19, osteguna

17:00. Ameli. Ipuin kontaketa, 4 eta 7 urte arteko haurrentzat, liburutegian.

Urriak 21, larunbata

19:45. Txintxarri Eguna. Kontzertua, elizan, Txintxarri Txiki eta Txintxarri Abesbatza , txalapartariak eta Iosune Marin gitarra jotzailea.

Urriak 22, igandea

Bedaio - Altzo mendi irteera, Alegiako Mendi Asanbladaren eskutik.

Urriak 27, ostirala

22:00. Mikel Markezen kontzertua, Elizpe zinema aretoan.

Azaroak 9, osteguna

17:00. Apatxi. Ipuin kontaketa, 4 eta 7 urte arteko haurrentzat, liburutegian.

Azaroak 10, ostirala

22:00. Berrobiko antzerki taldearen Aingerutxoak antzezlana, Elizpe zinema aretoan.

Azaroak 14 eta 16

17:30-19:00. Teknologia berriak eta sare sozialak izeneko saioak egingo dira, kultur etxean, gurasoei zuzenduta. Aralarpean guraso elkarteak antolatu ditu.

Azaroak 22, asteazkena

18:00. Xexili Eguna dela eta, Loatzo musika eskolaren kalejira izango da eta horren ondoren emanaldia egingo da plazan. Ondoren txokolatea banatuko da.

Azaroak 25, larunbata

19:00. Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, elkarretaratzea plazan.

Azaroak 26, igandea

Alegiako inguruak ezagutzeko asmoz, mendi irteera eta hamaiketakoa, Alegiako Mendi Asanbladaren eskutik.

Abenduak 3, igandea

Euskararen Eguna dela-eta ekitaldiak antolatu dira.

Goizean. Argazki rallya, Alegiako Argazkizaleen Taldeak antolatuta.

17:00. Zinema euskaraz, Elizpe zinema aretoan.

17:30. Gaztaina erreak, plazan. Egun guztian zehar euskal musika egongo da plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!