Datorren larunbatean Tolosako Beotibarren ospatuko den azken final-laurdenaren ondoren jakingo da zein 18 lagunek lortu duten sailkatzea Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetara.
Tolosako saioan puntu gehien eskuratuko dituen bertsolaria zuzenean sailkatuko da Alaia Martin, Jon Martin, Oihana Iguaran, Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabalekin batera. Gainerako 12ek puntuazioari begiratu beharko diote. 655,5 puntu eskuratu zituen Seguran Beñat Iguaranek eta gutxienez Tolosan ariko diren sei bertsolarietatik bik, puntuazio hori baino baxuagoa lortu beharko lukete amasarra hurrengo fasean aritu ahal izateko.
Finalaurrekoetan jarduteko aukera guztiak galdu ditu, berriz, Mikel Artola alegiarrak. Lehen final-laurdenean kantatu zuen Baigorrin eta 620 puntu eman zizkion epaimahaiak. Ez dira nahikoa izango sailkatzeko.
Tolosako final-laurdena Beotibar pilotalekuan izango da larunbatean, urriak 14, 17:00etatik aurrera. Oholtza gainera sei bertsolari igoko dira: Beñat Lizaso, Eneko Lazkoz, Etxahun Lekue, Jon Maia, Maddalen Arzallus eta Xabat Galletebeitia. Guztien gidari, gaiak ematen eta saioa aurkezten Ion Zaldua billabonatarra ariko da.
SAILKAPEN OROKORRA
Oihana Iguaran * 714
Alaia Martin * 712
Miren Amuriza * 700,5
Nerea Ibarzabal * 698,5
Agin Laburu 686
Iñaki Apalategi 685
Julio Soto 678.5
Unai Agirre 674.5
Jon Martin * 673.5
Nerea Elustondo 665.5
Jone Uria 662
Nahikari Gabilondo 661,5
Miren Artetxe 661,5
Beñat Iguaran 655.5
Aimar Karrika 651.5
Odei Barroso 650
Onintza Enbeita 640,5
Beñat Ugartetxea 631.5
Ander Fuentes Itturri 629.5
Arkaitz Oiartzabal Xamoa 627,5
Ander Lizarralde 627
Mikel Artola 620
Unai Gaztelumendi 620
Oihana Bartra 619.5
Asier Otamendi 617,5
Ibon Ajuriagojeaskoa 616
Eneko Abasolo Abarkas 615,5
Xabi Maia 598.5
Felix Zubia 594
Oihane Perea 591,5