28 postu jarriko dira azoka berezian

Imanol Garcia Landa 2017ko ira. 28a, 11:05

Alegiako plazan egingo da azoka igandean, 11:00etatik 14:00etara, eta alegiar ugarik jarriko dute postua bertan.

Aurtengoan Alegiako Azoka Berezia data aldaketarekin dator. Iraileko azken igandetan izan ohi da, baina aurten Kilometroak festa egun horretan izan denez, astebete atzeratzea erabaki zuten Kultura Batzordean, eta, beraz, igande honetan egingo da. Guztira 28 postu jarriko dituzte aurtengo azoka berezian. Nati Murua Kultura zinegotziak azaldu duenez, «hamaikagarren urtea da dagoeneko azoka antolatzen dugula eta animatuta gaude beste behin egiteko. Gainera, gustura gaude postu kopuruarengatik. Aurrekoetan baina zertxobait gehiago daude».

Postu asko herritarrek jarritakoak izan dira. «Saiatzen gara postuak jartzen dituztenak herrikoak izaten edota herriarekin loturen bat duenak izan daitezen». Frutak, ogia, pateak, gaztak, mondejuak, piperrak, eskulanak, txorientzako kaiola txikiak... egongo dira postuetan. Berritasun moduan, postu batean konpresak egongo dira. Bestalde, bi herritarrek artilezko oinetakoak jarriko dituzte euren postuan. «Jendeari gustatzen zaio gauza berriak ikustea», esan du Muruak. DBHkoek postua jarriko dute pintxo, postre eta edariekin. Taloak ere izango dira.

Azokak 11:00etatik 14:00etara iraungo du, eta plazan egingo da. Horrelako ekitaldietan gertatu ohi den moduan, eguraldiak baldintzatuko du giroa. «Euria egiten badu ere plazan bertan egingo dugu azoka, karpa batzuk jarriz eta udaletxearen arkupea erabiliz», esan du Muruak. Urteren batean frontoira lekualdatu dute azoka euria dela eta, baina ez dela giro berdina izaten esan du Muruak: «Aurreko urtean erabaki genuen ez aldatzea, eta plazan mantentzea azoka».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!