Nola antolatzen zarete gai jartzaile taldean?
Hemezortzi lagun gaude aurten eta sekula Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusi batean izan den gai jartzaile talde handiena da. Hamahiru dira emakumezkoak eta bost gizonezkoak eta bederatzi lagunek lehen aldia dute Txapelketa Nagusian. Beren herrialdeetako txapelketetan dagoeneko aritutako jendea da.
Banakako edo bakarkako taldea da gai jartzaile taldean egiten duzuena?
Bereziko nituzke bi aldi. Martxotik irailera arte, kantitateko lana egin dugu. Norberak bere etxean egin behar dituen etxeko lanak dira, gaiak pilatu eta elkartzen garenean erabakitzen dugu balio duen edo ez, gustatzen zaigun edo ez... Irailetik aurrera, kantitateko lan hori kalitateko lan bihurtzen saiatzen gara. Saioak orrazten, gai bakoitza tentuz hartzen, puntu bakoitza goitik behera errepasatzen, kartzelako lan guztiak errepasatzen... Lan pertsonalagoa da martxotik irailera bitartekoa eta azken hilabete hauetan taldekoagoa da, gai bakoitzari azken puntua ateratzeraino.
Asko aldatzen al da plazako lana txapelketakoetatik?
Zerikusi gutxi du. Plazan saiatzen gara gaiak ahalik eta pertsonalenak jartzen, bertsolari jakin batengan pentsatuta aritzen gara. Txapelketan justu kontrako ariketa egiten dugu, gaiek ahalik eta orekatuenak izan behar dute, zeinek kantatuko duen eta saioa non den kontuan hartu gabe. Oreka ezberdinak hartu behar dira kontuan: bertsolari bakoitzari dagokion saio barrukoa, tematikarena, saioen arteko oreka eta faseen artekoa. Gure fetitxeetako bat izaten da.
Ardura handi xamarra daukazue.
Batzuetan gehiago asmatzen da eta besteetan gutxiago. Guri dagokigu, txapelketako sormen lanaren kate horretan, lehen-lehen katebegia betetzea. Azpien dagoen lana da, behetik gora baitoa gero. Bada nahikoa erantzukizun, gero bertsolariek bat-batean sortuko duten horrek guk emandako gai horietan baitu abiapuntua. Ekilibrio lana da gurea eta saiatzen gara bertsolarien onena ateratzen.
Zu ez zara aurten jendaurrean ariko.
Aurten ez naiz ariko ez. Hamalau saio izango ditu aurtengo txapelketak eta gai jartzaile taldearen eta talde antolatzailearen artean izendatu ziren hainbat aurkezle. Ni beste lan batzuetarako nahi ninduten eta nik zalantzarik gabe, kasu egin diet eta onartu dut proposatutakoa. Sekula baino lan gehiago egitea tokatuko zait, baina oholtzaren alderik ezkutuenean.
Zein izango da zure egitekoa gai jartzaile taldearen barruan?
Koordinatzaile edo arduradun esatea, dezente hitz potoloak dira. Gai jartzaile talde eta talde antolatzailearen arteko zubi lanak egingo ditut. Bestalde, saioak dauden egunetan tokatuko zait bertan ibiltzea. Aurkezlearen inguruko lan hori zaintzen ariko naiz, aurkezlearentzat ere saioaren aurreko momentuak urduritasun momentuak baitira. Dena ondo dagoela konprobatu eta aurkezle eta bertsolarien arteko zubi lanak egingo ditut eta saioak entzuten eta gozatzen saiatuko naiz, baina sortu daitezkeen beharrei erantzuteko egongo naiz.
Aukerarik ematen al dizu lan horrek saioa jarraitzeko eta bertsoaldiak entzuteko?
Txapelketako saioetan, bertsoak entzuten saiatzen naiz, defektu profesionalagatik izango da, baina gaietan jartzen dut arreta gehien. Pasa izan zait, gai bat entzun eta gero bertsorik ere ez entzutea. Gaiari bueltaka ibiltzen naiz. Saioen ondoren beti izaten baitugu tarte bat taldean gure analisitxoak eta iruzkinak egiteko.
Ariketak ia denak betikoak dira.
Azkeneko urteetako korronteari segituz, txapelketaren erdigunean bertsoa bera jartzen da. Protagonista nagusia bertsoa da, bere soiltasun horretan. Gure jardun hau, zerbaitek berezi egiten badu soiltasunak egiten du. Nahikoa dira ahots bat eta entzule bat. Aurtengo txapelketako lanek ildo horri jarraitzen diote eta plazan entzuten diren neurri horiei erantzuten diete. Bertsoari behar duen garrantzia ematen zaio.
Gai klasea, formulazioa, gaiak duen irekitasuna... horiek ere nahikoa finkatuta daude?
Gai jartzaile taldean hitz egiten da eta baita talde antolatzailean ere, edo epaileekin. Gaien nondik norakoak zehazterako orduan badago kezka orokorrago bat, denona sentitzen duguna eta ikusiko da aurtengo txapelketak zer ekartzen duen. Beti dago intentzionalitatea gaiak jartzerako orduan eta aurten are intentzionalitate handiagoa egongo da. Ikusiko da horrek zer emaitza ekartzen duen eta egingo dira gogoetak etorkizunari begira, gauzak aldatu eta hobetzeko dagoen aukera bakarra delako hori.
EGIN BEHARREKO LANAK
FINAL-LAURDENAK
(15 bertso puntuagarri)
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.
Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
FINALAURREKOAK
Lehen itzulia (15 bertso puntuagarri).
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Bigarren itzulia (16 bertso puntuagarri).
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.
Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
FINALA
Goiza (15 bertso puntuagarri).
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.
Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Arratsaldea (10 bertso puntuagarri).
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.
Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Buruz burukoa (11 bertso puntuagarri).
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
Binaka, gaia emanda, launa bertso zortziko txikian.
Kartzelako lana:
Banaka, hitza gaitzat emanda, bertso bat bederatziko txikian.
Gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.