Asteburuan, festa giroa Kalebeheran

Imanol Garcia Landa 2017ko ira. 14a, 11:23
Iaz, haurrak pilotalekuan ibili ziren jolasean eguraldi txarrarengatik.

Alegiako Kalebeherako festak hiru egunez ospatuko dituzte, azken urteetan egin moduan, bihar hasi eta igandera bitarte luzatuz.

Egitarauak ez du berritasunik izango, eta berritasun pixka bat antolakuntza aldetik iritsi da. «Azken finean jende berdina gabiltza antolakuntzan eta Gaztetxekoek ardura gehiago hartu dituzte», azaldu du Felix Irazustabarrenak.

Biharkoan patata tortillak hartuko du protagonismoa. Parte hartzaile bakoitzak eraman behar ditu osagaiak eta sua, eta izena unean bertan eman behar da. Arrakasta izaten duen lehiaketa da, iaz 25 parte hartzaile izan baitziren bertan. Epaimahaiari zati bat utzi ondoren, prestatutako tortillak dastatzen dituzte zahagi ardoarekin batera bertan afaltzeko elkartzen direnak. Trikitilariek girotuko dute afariaren ondorena.

Larunbatean egun guztian izango da giroa. Eguerdian krosa izango da, haur zein helduentzat. Arratsaldean hasiko dira helduen pala txapelketako kanporaketak. Ume jolasen tartea ere izango da eta txokolatea banatuko dute. Arratsaldean ere izango da zinta jolasa, tradizio handikoa festetan. Haurrak bizikleta gainean doazela makilatxo baten bidez zintak hartu behar dituzte. Gau aldera, zahagi ardoaren ondoren, bertsolarien saioa iritsiko da. Ia denak alegiarrak izango dira bertsotan ariko direnak. Egunaren bukaera trikitilariek girotuko dute.

Igandean ere egun guztian izango dira ekitaldiak. Eguerdian herriko dantzariek eskainiko dute emanaldia. Ordu horren inguruan, txakolina dastatu eta sardina erreak jateko aukera izango da, edalontzia ordaindu eta gero. Bazkarirako, ohi denez, paella prestatuko da. Une berean ematen dute izena bazkaltzen geratu nahi dutenek. Arratsaldean, frontoia izango da protagonista. Batetik, gaztetxoen esku pilotako finalak izango dira. Astean zehar jokatuko dituzte kanporaketak pilotariek. Ondoren, pala txapelketako finala jokatuko da. Azkenik, festak amaitzeko, eta eguneroko ohiturari jarraituz, zahagi ardoa izango da.

Ikusi hemen egitaraua.

Erlazionatuak

Egitaraua

Tolosaldeko Ataria 2017 ira 14 Alegia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!