[PUBLIRREPORTAJEA] Txikitasunean, jostailu handi bat

Tolosaldeko Ataria 2017ko uzt. 27a, 10:20

Alegiako Route 33 kafetegiaren alboan gune berri bat irekiko du Ogi Berrik, haurren gozamenerako. Aisialdirako leku aparta izango da Txikijai Berri jolastokia. Abuztuaren erdi aldera inauguratuko dute.

1933an Amezketan sortu, eta XX. mende amaierara bitarte, pixkanaka Gipuzkoan zabaltzen joan den enpresa izanik, Ogi Berrik, ogiaren historiaz baino gehiago dakiela erakutsi du azken hamarkadan. Euskal Herritik kanpo, hainbat leku turistikotan ireki ditu enpresak 2002az geroztik. Orain, bezeroei kalitatezko produktuak eskaintzen, eta produktu horien banaketa egokia bermatzen dihardu.

Ederki asko daki Ogi Berriko Iñaki Prietok, gaur egungo merkatuak hala eskatuta, antzinako okindegiek beste itxura bat hartu dutela. Orduko lokal txikiek, eraikin handiei eman diete txanda, eta garapen nabarmen bat izan dute enpresaren salmenta guneek. Alegiako Route 33n ez ezik, Hondarribia eta Lasarten ere eraberritu dituzte ogia saltzeko lekuak, eta jada guztietan dute kafetegi bat, gourmet produktuen denda, taberna edota jatetxea. Alegiakoan, gainera, museo bat ere badute, zeinetan bisitariei ogiaren garapenaren nondik norakoak azaltzen dizkieten. Gipuzkoako ikastolekin gainera, saiakera bat egin nahi dute, bertako ikasleek, museoaz gain, Altzoko Errota berritua ere bisita dezaten.

Jolastoki erreferentea

Hala ere, bada Ogi Berri enpresa era batera edo bestera gizarteratzeko emango den urrats garrantzitsu bat: Txikijai Berri parkea. Abuztu erdi aldera irekiko dute Route 33 kafetegiaren ondoan dagoen eraikin eraberritua, haurrentzako bideratua. Plastikozko piloten igerilekuaz gain, lehen solairutik behekora jaisteko txirrista bat ere izango du. Baina, etxeko txikienez gain, gaztetxoek ere izango dute zertaz gozatu, besteak beste, panpinak lortzeko makinekin jolas egin ahal izango dutelako.

Nahiz eta proiektu hau aspalditik zebilkiten buruan, egokiena, aurtengo udan irekitzea zela erabaki zuten. Apirilean, proiektuaren behin-betiko planifikazioa jarri zuten martxan, eta ordutik hona, eraberritze eta margotze lanekin aritu dira ordu luzez. Hala ere, proiektua aurrera ateratzeko, azken urteetako krisiari aurre egin behar izan diote, eta badirudi, susperraldi moduko baten fruitu izan dela. Orain, proiektu hau, inflexio-puntu berri bat izatea espero dute.

Jolastoki berria eskualdeaz harago zabaldu nahi dute. Inguruan ez dago horrelako lekurik, ez behintzat tamaina horretakoa, eta, mota honetako guneekin alderatuta, kalitate puntu bat gehiago izango du. Bertan sartzen diren haur eta gaztetxoek, aukera ugari izango dituzte. Jende gehiago erakarri eta berpiztea izango du helburu, herritarrek aukera hau aprobetxatu dezaten.

Beste kafetegiek jarraitutako modeloak aztertuta, egokiena Alegian egitea zen, tamainagatik eta lokalizazioagatik. Tolosatik gertu dago eta bertaratzea oso erraza da, eta autoa uzteko nahiz barruan zerbait hartzeko leku ugari eskaintzen du.

Adinak mugarik ez

Oraingoz behintzat, jolasgunerako sarrera, kafetegiaren alboko eraikineko ate nagusian izango du.

Hala ere, aurrerago gauzatuko duten proiektu txikiago batek, bi guneak komunikatzea ahalbidetuko du. Horrela, kafetegian dauden eskailera batzuetatik sartu ahal izango dute jolasgunera, bertan dauden bitartean, barruan dauden haurrak ikusi ahal izateko. Jolasgunearekin gainera, udarak irauten duen bitartean, eskualdean dagoen turismorako grina hori bultzatu nahi da; hortaz, lehen hilabeteak, froga modukoak izango dira, datorren ikasturterako zer mantendu eta zer hobetu jakiteko.

Bertara sartzeko ordaindu beharreko tarifa oraindik erabaki gabe badute ere, hasiera batean, sarrera doan izango da, nahiz eta barruko makina ezberdinek fitxa bidez funtzionatuko duten, eta horiek lortzeko euro bat ordaindu beharko den. Luze eta zabal jolas egin ahal izango dute haurrek bertan, izan ere, egunero, goizeko 10:00etatik 21:00ak bitarte egongo da zabalik.

Horrelako lekuetan ohikoa izaten da, lokala gune ezberdinetan banatzea, adinaren arabera. Beraien helburua, ordea, zati bat bisitari guztientzako zabaltzea da, 12-13 urte dituzten gaztetxoek ere beraien lekua izan dezaten. Beraz, txirrista eta plastikozko piloten igerilekuaz aparte, makina ezberdinekin osatutako gunea izango da guztien elkargunea. Aipatu bezala, ikastetxeekin museoaren inguruan egiten duten elkar lankidetza modukoa egiteko aukera ere ikusten dute Txikijai Berri gunearekin, nahiz eta kasu honetan, aisialdi taldeekin egitea aurreikusten duten.

Azken urte hauetan, gainera, bestelako proiektu batzuk ere jarri izan dituzte martxan, pilota munduan esaterako. Txapelketa askotan zabaldu dute enpresaren izena, eta pilotari nahiz bezero ugarik eskertzen dute lanketa hori, modu batera edo bestera, gizartean presentzia hori mantentzen dutela azpimarratuz. Hala ere, pilotaz gain, ziklokrossean edota futbolean ere aukera aprobetxatu nahi izan dute herritarrengana iritsi ahal izateko, baina neurri txikiagoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!