Herriko musikariek erabili ahal izateko lokal bat egokituko du udalak kultur etxean

Ataria 2017ko ekainaren 30a

Bertako kide izan nahi dutenentzat bilera ireki bat egingo da uztailaren 4an 18:30ean kultur etxean.

Alegiako Udalak herriko musikariek erabili ahal izateko lokal bat egokituko du kultur etxean. Zehazki, areto nagusiaren atzean geratzen den soto bat da aurrerantzean herriko musikariek beraien entseguak egiteko erabili ahal izango dutena. Aurrekontu Parte Hartzaileen prozesuan aurkeztutako proposamena izan zen herrian musika lokal bat izatearena eta udalak bide eman dio eskaera horri. Gelaren lurzoruan eta argiterian ari dira egokitzapen lan horiek egiten datozen asteetan amaituta izatea aurreikusten da.

Gauzak horrela, lokaleko kide izateko interesa duten guztiei bilera ireki baterako deialdia luzatzen zaie. Bilera hori datorren uztailaren 4an, asteartea, egingo da kultur etxeko areto nagusian 18:30ean. Bertan lokalaren funtzionamenduaren nondik norakoak azalduko dira eta bertaratzen direnen ekarpenak eta proposamenak ere ongi etorriak izango dira, denen artean adostutako funtzionamendu bat izateko bidean. Bilera horren ostean, lokaleko kide izan nahi dutenentzat izena emateko epea zabalduko da. Horrenbestean, herriko musikariei bilerara bertaratzeko deia luzatzen zaie.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!