«Bidaiatzeak zentzua ematen dio nire existentziari»

Iñigo Terradillos 2017ko eka. 26a, 07:56

Iker Iriarte alegiarrak bi pasio handi izan ditu txiki-txikitatik, bertsolaritza eta bidaiatzea. Biekin jarraitzen du, baina, bigarrenari eutsi dio, batez ere. Bidaiatzearekin topatu omen du bere munduko txokoa. Hori bai, bidaiatu ahal izateko, bidaiatzetik bizi beharra zegoela ikusita, gida lanetan ari da azken zazpi urteetan, batez ere, gurutzaontzi edo kruzeroetan bidaiari alegiarra.

Bidaia batetik etorri berri harrapatu zaitugu.

Normalean bidaia batetik etorri berritan eta beste bidaia batera joatear harrapatzen nau hemen topatzen nauenak.

Izan ere, azken urteetan hemen baino kanpoan gehiago egon zara.

Bai. Lana delako edota bidaiatzen egon naizelako aste eta hilabete asko eman ditut Euskal Herritik kanpo.

Bidaiatzea ogibide bilakatzea lortu duzu.

Nahiko gaztetxotatik bi pasio izan ditut, nolabait nire existentziari zentzua ematen diotenak: bertsolaritza eta bidaiatzea. Zorionez, nahiko azkar konturatu nintzen bertsotatik edota plazaz plaza bertsolari izatetik ez nintzela biziko, beraz, bidaiatzearena geratzen zitzaidan. Bidaiatuz bizitzeko, aldian behin bidaiatzetik bizi beharra dago, eta niretzat horretarako erosoena, egokiena eta gehien gustatzen zaidana gida moduan aritzea da.

Bertsoa, dena den, ez daukazu erabat utzita.

Ez. Bertsozale elkartean aritzen naiz, gai jartzaile moduan, bertso eskolan eta lagunartean. Bertsoak asko motibatzen nau, eta nire bizimoduak uzten didan neurrian bertsolaritza asko bizi dut.

Nolatan hasi zinen gida moduan?

Hego Amerikara bidaia bat egin nuen duela urte batzuk. Handik itzultzean bizitzak jartzen dizkigun bidegurutze horietako batean nengoela, gida bezala hasteko aukera suertatu zitzaidan. Lagunek eta ingurukoek animatu ninduten, nik ere nahiko argi ikusten nuen, eta pausoa eman nuen. Horretan nabil gaur arte, eta ez naiz damutzen erabakiarekin.

Eta, oraindik jarraitzeko asmoz?

Nik behintzat ez dut utziko. Agian, egun batean, gida lanak utziko nau ni, eta orduan pentsatu beharko dut zer egin nire bizitzarekin, baina, oraingoz horrela jarraitzeko asmotan.

Beharbada etxekoak damutuko ziren lan honetara animatu izanagatik.

Etxekoen, lagunen, bikotearen alderdia da, agian, zailena. Kanpora goazenok badakigu etxean gelditzen dena non dagoen eta zertan ari den, baina, etxean geratzen denak ez du beti jakiten zu nondik nora zabiltzan, norekin, zertan, noiz, nola... Hori eramatea zailagoa iruditzen zait. Aldi berean, nik oraindik ez dut oso garbi zer egin nahi dudan nire bizitzarekin edo zer izango naizen handitan, baina, gero eta garbiago daukat zer ez dudan egin nahi nire bizitzarekin. Eta hori bada pauso garrantzitsu bat. Gertukoek motibatuta ikusten naute, zoriontsu, honetan jarraitzeko grinez, eta babestu egiten naute, eta ez dago zure gertuko edo maite duzun pertsona bat zoriontsu sentitzea bezalakorik eta hala desio didate.

Gida moduan, batik bat, kruzero edo gurutzaontzietan aritzen zara.

Denetarik egin dut gida bezala; autobus zirkuituetan aritu naiz, furgonetetan ere bai, eta azken urteetan, ibaietako kruzeroetan berezitu naiz. Hori bai, urtean zehar kruzeroez gain, beste gida lan batzuk egitea edo probatzea gustatzen zait.

Danubio, Rhin, Volga, Sena eta Rodano ibaietan zehar izaten dira lan egiten duzun kruzeroak.

Kruzeroak hartzen dituzten Europako bost ibaiak dira. Rhin ibaia, esaterako, Suitzatik, Frantziatik igarotzen da, Estrasburgoraino. Danubiok Alemania, Austria, Eslovakia, Hungaria zeharkatzen ditu itsaso Beltzeraino, Sena Parisetik Normandiaraino doa eta Rodano Mediterraneo aldean. Beraz, paisaia eta kultura desberdinetatik igarotzen dira. Aukera ederra da ibaien bidez Europa zaharrean barrena herrialde, jende eta toki berriak ezagutzeko.

Europa, beraz, ia osoa ezagutzen duzu.

Urez bisitatu daitezkeen guztiak bai. Horrez gain, autobusez egiten ditudan zirkuituak ere gehienak Europan barna dira, beraz, esan daiteke nahiko ondo ezagutzen dudala.

Nolako lana da gidarena?

Nirekin batera taldea etortzen da bidaia hasi eta bukatu arte. 10etik 50era bitarteko taldeak egokitzen zaizkit. Nire lana da talde horri laguntzea bidaiak irauten duen bitartean. Taldeari gauzak antolatzea, laguntzea, babesa ematea, hizkuntzarekin laguntzea... nolabait, taldearen arduraduna naiz.

Taldeak jatorri ezberdinetako pertsonez osatuta egongo dira.

Espainiarrekin asko egiten dut lan, Hego Amerikarrekin ere bai, euskaldunak ere azken boladan asko, kataluniarrak ere bai. Horrez gain, ingelesekin, irlandarrekin, estatu batuarrekin, kanariarrekin... Beraz, batez ere, espainolez eta ingelesez aritzen naiz. Azken bidaian, esaterako, euskal talde batekin lan egitea egokitu zait, eta euskaraz aritzeko zortea izan dut.

Euskaldunekin lan egitea zortea al da?

Pertsona batekin zurea den hizkuntzan hitz egiteko aukera baduzu asko errazten du, erabili daitezkeen erreferentziengatik, esaterako, konplizitate handiagoa sortzen da. Eta, gero, noski Euskal Herrian ere denetarik dago, bizitzan bezalaxe. Beraz, batzuekin harreman hobea egiten duzu.

Milaka pertsonarekin lan egitea egokitu zaizu, beraz, azken urteetan.

Bai. Jendeak ilusio handia jartzen du bere oporraldian, eta zu ilusio horren parte bihurtzen zara. Zuri dagokizu ilusio hori erraztea. Kruzero asko egin duen jendea, sekula bidaiatu ez duena, denbora askoan bidaia egiteko aurrezten aritu dena... Denetariko jendea egoten da, eta hori guztia ahalik eta ondoen kudeatzea egokitzen zaigu. Normalean jendeak oso ondo pasatzen du, eta esker onekoa izaten da. Eta horrek, bidaian ederki pasa duela entzuteak, asebetetzen zaitu.

Pertsona horien guztien oporraldia ahaztezina egiteak ez du bada erraza izan behar.

Hirugarren sektorean lan egiten duen orori pasatzen zaio hori. Hara doanak ilusioa jarri du bidaian, eta hari berdin zaizkio zuk izan ditzakezun arazoak. Hura ondo pasatzeko dago, eta zu hark ondo pasatzeko zaude. Batzuetan, beraz, egun txar horietan zure aldartea disimulatzea edo ezkutatzea egokitzen zaizu. Nire kasuan, esan beharra daukat, oso gutxitan disimulatu behar izan dudala.

Zuk egina al duzu gisa honetako bidaiaren bat?

Ez. Noizbait egina dut hiri edo toki zehatzen batean bisita bat bertako gidaren batekin. Baina, oraindik ez dut sekula taldean bidaiatu, ez behintzat gisa honetan.

Bidaiatzeko modu berezia da gurutzaontziena.

Nik bidaiatzen dudanetan, ibaietan, alegia, kontuan hartu behar da ez direla itsasoko ontziak bezain handiak. Uraren gainean doazen hotel modukoak dira, jatetxe, kirola egiteko azpiegiturak, igerileku eta abarrekin. Jendeari oso eroso egiten zaio hiritik hirirako bidea autobusez edo egin beharrean barkuz egitea. Bidean baliatu dezakezulako paisaiaz gozatzeko edo barkuaren zerbitzuez gozatzeko. Itsasoko ontzietan egiten direnekin alderatuta, ibaietakoak bidaia kulturalagoak direla esan daiteke. Itsasoko bidaietan barkua bera da bidaiaren protagonista, eta ibaietakoetan, berriz, garraioa da gehiago barkua.

Lan gehien duzuen urteko sasoia izango da zuentzat hau, ezta?

Guk urte osoan egiten dugu lan, baina, gure sasoirik gogorrena ekaina, uztaila eta abuztua izaten da, jende gehienak oporrak dituenean, alegia.

Uda honetan nondik nora ibiliko zara?

Danubion ariko naiz lanean batez ere, kruzeroak egiten. Hori bai, azken orduko aldaketak ere suertatzen zaizkigu, esaterako lankideren bat gaixotu delako. Beraz, badaezpada ere, maleta beti erdi eginda, prest edukitzen dugu. Gure amak esaten dit gehien erabiltzen ditudan bi aditzak joan eta etorri direla. Beti omen nabil 'banoaka' edo 'banatorka'.

Ondo daramazu besteak oporretan egon eta zu lanean egotearena?

Gero besteak lanean daudenean ni nago oporretan. Errutinak dituen jendearekiko alderantzizkoa da. Ekaina, uztaila eta abuztuan badakigu lana izango dugula, baina, hortik aurrera ez dakigu ziur zer izango den, eta gauzak sortzen joaten dira. Baina, esan beharra daukat sentsazio horrek lotu egiten nauela, ohitu egiten zara, eta azkenean gustatu ere bai. Nire burua ez dut errutina batean ordutegi finko batzuekin ikusten.

Nabari da hitz egiteko moduan gustuko duzula zure lana.

Nietzschek esan zuen norberak bere bizitza bizi behar duela, eta ez bizitzak norbera. Ni horretan ari naiz saiatzen. Bidaiatzea ez da garrantzitsua. Niretzat garrantzitsuak medikuak edota zientzialariak dira. Horiek aldatzen dute mundua. Bidaiatzeak, baina, nire existentziari ematen dio zentzua, nire mundua, nire bizitza aldatzen du. Beste batek bere burua topatuko du baratzean lan eginda, besteak apaiz izanda, eta beste batek autobusak eginez. Nik bidaiatzearekin topatu dut nire munduko txokoa, beraz, egiten dudan hori era apasionatuan egitea gustatzen zait.

Bidaiatzetik bizi zara, eta bidaiatzeko ere baliatzen duzu zure aisialdia. Egin asmo duzun hurrengo bidaia?

Badauzkat amets batzuk hurrengo urteari begira batez ere. Amesteak bizirik mantentzen nau. Ez zait gustatzen lehen egindakoei begira aritzea. Nire bidaietara oso-oso gutxitan eman izan dut argazki kamera, nahiz eta batzuetan damutu izan naizen. Gehiago gustatzen zait etorkizunean zer dagoen egitea pentsatzea edo nire ametsetan barrena ibiltzea, lehen egindakoei begiratzea baino. Esaten dute ahots goran esanez gero ametsak jada ez direla amets, beraz, niretzat gordeko ditut ditudan horiek.

Idatziz gordetzen al dituzu bidaietan bizitakoak?

Hego Amerikara egin nuen bidaia batean idazten egon nintzen, eta blog bat ere egin nuen, eta baita argazkiak egin ere. Baina, ordutik ez dut egunerokorik idatzi, nahiz argazkirik egin. Egunen batean agian damutu egingo naiz. Argazkiekin badut horrelako maitasun-gorroto harreman modukoa. Gaur egungo gizartearen adierazlea izan daitekeela iruditzen zait, dena guretzat nahi baitugu. Leku batera iritsi, eta paisaia hori betirako gorde nahi dugu. Ez dakigu paisaia hori momentuan gozatu edo bizitzen. Uste dut heriotzari horregatik diogula hainbesterainoko beldurra. Dena betirako guretzat gorde nahi izaten dugu, askotan unea bera bizitzea ahazten zaigularik. Saiatzen naiz horren aldeko apustua egiten.

Oroitzapenean gorde ditzakegu gure bizipenak, baina, memoria txarra badugu?

Nahiko memoria sailkapenekoa daukat, gordetzea komeni zaidan guztia nahiko ondo gordetzen dut. Saiatzen naiz, dena den, bidaien memorietan gehiegi ez arakatzen, oraingoz behintzat sentitzen dudalako gehiago dela egiteke daukadana egin dudana baino. Gustatzen zait sentimendu horrekin bizitzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!