Diploma banaketarekin eman zaio amaiera Txintxarriak Martxan ekimenaren lehen denboraldi arrakastatsuari

Ataria 2017ko ekainaren 22a

Hamabi ibilaldi egin dira guztira eta bataz besteko parte hartzea 80-90 pertsona ingurukoa izan da.

Pozik dira Txintxarriak Martxan ekimenaren bultzatzaileak. Gaur eman zaio amaiera hamabi ibilaldiz osatu den lehen denboraldiari eta antolatzaileek lehen aro honen balorazio "oso positiboa" egin dute. Irteera bakoitzean bataz-beste 80-90 pertsona inguruk hartu du parte eta luzera eta zailtasun ezberdineko irteerak egin dira, parte hartzaileen baldintzetara egokituta. Hirugarren adineko pertsonak ariketa fisikoa egitera bultzatzea eta beraien arteko harremanak sustatzea ziren ekimenaren hasierako helburuak eta horiek bete direla gaineratu dute antolakuntzatik.

Gaurko azken ibilaldiaren ondoren diploma banaketa egin da. Modu horretara, adinekoei ekimenean parte hartu izana eskertu nahi izan zaie eta oroigarri modura gordetzeko diploma bana jaso dute. Ondoren, ibilaldi bakoitzean bezala, hamaiketakoaz gozatzeko aukera izan dute. Gauzak horrela, datorren ikasturtean itzuliko da Txintxarriak Martxan ekimena, lehen denboraldiak utzitako aho zapore onak ematen duen indarrarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!