Artolak Asegarcen jarraituko du

Asier Imaz 2017ko eka. 22a, 15:30

Bi urteko hitzarmena sinatu du Alegiako aurrelariak Bilboko enpresarekin, 2019ko ekaina bitarte.

Iñaki Artolak Asegarce enpresako pilotaria izaten jarraituko du. Bilboko enpresarekin hitzarmena sinatu du Alegiako aurrelariak, orain arteko loturari beste bi urte gehiago luzatuz. «Duela egun batzuk egon ginen hitz egiten. Orain, enpresako hainbat pilotari Laguardian gaude kontzentraturik, eta hori aprobetxatu dugu hitzarmena sinatzeko. Beste hainbatek ere luzapena sinatu dute, eta tartean ni», esan du Artolak. Esperotako albistea izan da alegiarrarentzat, eta pozik hitz egin du Arabatik: «Gustura nago, ondo. Espero nuen berritzea, eta gertatu denez, beste bi urte profesionaletan jarraitzeko aukera izango dut, Asegarcerekin gainera. Orain arte txapelketetan eta partida garrantzitsuetan jokatzeko aukera eman didate, beraz, nahiko konforme nago euren niganako tratuarekin. Bronka handirik gabe iritsi gara adostasunera».

Hitzarmena sinatzea momentu bateko gauza izaten da, enpresak pilotariari egiten dion jarraipena konstantea da: «Astero egoten gara enpresako ordezkariekin. Pilotarioi jarraipena egiten digute, eta ondo baldin bagabiltza horrela esaten digute. Gaizki bada zertan hobetu edo zer egin genezakeen esaten digute. Oraingoz ondo gabiltzala esan digute, gazteak garela eta gorakako bidean goazela. Datozen urteetan nirekin kontatzen omen dute», esan du Artolak.

Laguardian hiru egun pasako dituzte pilotariek, eta kontzentrazio horiek gustukoak ditu alegiarrak: «Niri behintzat gustatzen zaizkit. Adibidez Aspen ez dute horrelakorik egiten. Ondo egoten da, elkar ezagutzeko eta berriekin harremanak egiteko baliagarria baita. Gero elkarrekin entrenamenduetan ibiltzen gara, eta horrelako kontzentrazioei esker harremanak estuagoak izaten dira. Entrenamenduak baino gehiago errendimenduarekin lotutako egunak izaten dira hauek. Hitzaldiak, hitzarmenaren inguruko kontuak, harremanak... Oporrak ere izaten dira, beraz, eskertzekoa da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!