Ekainaren 19an hasiko da San Juan kalean txartel bidezko sistema

Imanol Garcia Landa 2017ko eka. 8a, 12:02

Alegiako Alde Zaharra zeharkatzen duen San Juan kalean ibilgailuekin sartzeko eta ateratzeko sistemaren moldaketa ekainaren 19an jarriko da martxan. Lehen mando bidez zen sistema orain txartelekin egingo da, eta horien bitartez sarrera eta irteera mugatzen duten piboteak jaitsiko dira.

Unai Iraola alkateak azaldu duenez, txartela izateko irizpide orokorra San Juan kalean erroldatuta egotea eta auto baten erabilpenaren beharra izatea izango da. «Aurreko sisteman jabetza edukitzearekin lotuta zegoen», azaldu du Iraolak, «eta orain bertan erroldatuta egotea lehenetsi da». Herri batzarra egin zutenean jendeak txartela lortzeko eskubidea herritar gehiagotara zabaltzeko eskaera egin zuen. «Udal taldetik hori onetsi da eta ikusiko da zer-nolako erantzuna duen». Hori bai, txartela izatea lotura izango du pertsona batekin eta matrikula batekin.

Sistemaren moldaketa egun zabalpen fasean dago. Txartela eskuratu nahi dutenek, beraz, aste honetan edo hurrengoan udaletxera joan eta eskaera egin beharko dute. Mandoa dutenek ere txartelaren ordez aldatu dezakete. Urtero 30 euroko tasa ordainduko da txartela eskuratzeko.

Iraolak argitu duenez, txartelak ez du aparkatzeko eskubidea ematen: «Igarotze eskubidea da ematen dena, eta ordu erdiko tartea du erabiltzaileak. Hortik aurrera neurri zuzentzaileak hartu beharko dira».

Bestalde, orain arte moduan, astelehenetik larunbatera eta 07:30etik 13:30era arte kalea irekita egongo da, bertan erosketak egin edo sartu-irteera egin nahi duenarentzat.

Txartel irakurleak jarrita daude eta funtzionamendu probak ere egin dira. Ekainaren 19an, beraz, dagoeneko sistema berrituarekin hasteko moduan izango dira Alegian.

HIRIGINTZAKO PLAN OROKORRA

Hirigintzako plan orokorraren aurrerapen dokumentua beste hilabetez izango da jendaurrean ikusgai. Planak gehien eragiten dien jabekideekin hitz egiten ari direla azaldu du alkateak. «Jarrera ona aurkitzen ari gara, eta gure asmoa da, dena ondo joanez gero, ekaina bukaeran edo uztaila hasieran udalbatzak dokumentua onartzea».

Interesa dutenak udaletxean zein webgunean dute ikusgai plan orokorra, eta Iraolak herritarrei beste behin dei egin die zalantzak edo kezkak izanez gero, kontsulta egiteko udaletxean.

TREN GELTOKIA

Hirigintzako beste gaietako bat tren geltokiaren segurtasuna hobetzeko eskaera da. Zenbait herritarrek sinadura bilketa martxan jarri zuten, eta 500 sinaduretatik gora lortu ziren.Gipuzkoako Batzar Nagusietan batzorde batean azaldu zuten gaia, alkatearen babesarekin. Batzar Nagusien babesa jaso zuten, PP alderdiarena izan ezik. Batzar Nagusietatik adierazpen bat proposatu zen, Alegiako tren geltokiaren berrikuntza integrala egiteko eskatuz, eta hori ez bada berehala egiten, behintzat segurtasuna bermatzeko presazko neurriak uda baino lehen hartzeko eskatuz. «Beste dimentsio politiko batean, trenbideen konpetentzia Eusko Jaurlaritzari ematea ere eskatu da», azaldu du Iraolak. 

Adierazpen hori onartu du Alegiako udalbatzak azken osoko bilkuran, beste mozio proposamen batekin, eta bi dokumentu horiek eta bildutako sinadurak Adif erakundera eta dagokion Espainiako Gobernuko ministerioari bidali dizkiote. «Orain espero dugu erantzuna jaso eta zerbait mugitzea», zehaztu du Iraolak. «Egoera larria da, eta behintzat gaiak oihartzuna izatea ona da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!