Ludoteka eta Uda Kanpaina eskaintzak prest ditu udalak udari begira

Tolosaldeko Ataria 2017ko mai. 25a, 16:39

Ludoteka eta Multikirola eskainiko dira ekaineko azken egunetan eta uztailean.

Alegiako Udaleko Kultura sailak prest du haur eta gaztetxoentzako udako jardueren eskaintza. Nagusiki uztailean garatuko diren ekintza horiek bi multzo nagusitan daude banatuta. Alde batetik ludoteka zerbitzua eskaintzen da eta bestetik Uda Kanpaina 2017 izenburupean kirol ezberdinak egiteko aukera izango da eta. 

Ludoteka uztailaren 3tik 28ra bitartean eskainiko da bi txandatan. Lehenengoa uztailaren 3tik 13ra izango da eta bigarrena 17tik 28ra. 2005 eta 2013 urte bitartean jaiotako haurrei zuzendutako zerbitzua izango da eta goizeko 10:00etatik 13:00era eskainiko da. Txanda baterako izena emateak 40 euroko prezioa du eta bi txandetakoak 70 eurokoa.

Uda Kanpaina 2017 ekimenak zirku tailerra, multikirola eta piraguismoa hartzen ditu. Zirku tailerra 2011n edo lehenago jaiotakoei zuzenduta dago. Ekainaren 26tik 30era izango da goizez, osatzen den taldearen arabera eta 15 euroko prezioa izango du. Multikirola jarduera uztailaren 3tik 13ra bitartean eskainiko da eta bertan arrauna, battlefield, slackline, irteerak eta antzeko jarduerak egingo dira. Uztailaren 3tik 13ra eskainiko da eta 2008an edo lehenago jaiotakoek hartu ahal izango dute parte.  Ordutegia 10:00etatik 13:00era izango da baina jardueraren arabera ordutegi horrek aldaketak izan ditzake. Jarduera honek 45 euroko prezioa izango du eta hainbat jarduera egiteko trena erabiliko denez, treneko txartelen prezioa ez da 45 euro horietan sartzen. Piraguismoa azkenik, uztailaren 17tik 21era eskainiko da. Goizetan garatuko da baina ordutegia sortzen den taldearen arabera antolatuko da. 25 euroko prezioa izango du eta hau ere 2008an edo lehenago jaiotakoentzat izango da.

Izena emateko epeei dagokienean, hemen aipatu diren jarduera guztietarako izena ematea maiatzaren 22tik, astelehena, maiatzaren 26ra, ostirala, bitartean egongo da zabalik kultur etxean. Plaza mugatuak daude eta izena emateko ordenaren arabera banatuko dira. Inork jardueraren baten inguruko informazio gehiago nahiko balu, kultur etxera jo dezake edo 943 65 46 98 zenbakira deitu.

Alegiako Udalak begiraleak kontratatuko ditu udako ludotekarako

Alegiako Udalak ludoteka zerbitzua eskainiko du uda honetan ere. Uztailean eskaintzen den zerbitzu horri begira begiraleak kontratatuko dira eta interesa dutenek zabalik dute curriculumak aurkezteko epea. Deialdiak badu ezinbestekoa den baldintza bat: euskaraz jakitea. Hortik aurrera, beste hainbat puntu hartuko dira kontuan. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak edo beste eskolaren batek homologatutako begirale titulua izatea baloratuko da eta Zuzendari titulua izatea ere bai. Udaleku itxi eta irekietan izandako lan esperientzia kontuan hartuko da eta Alegiakoa izateak eta herriko kultur edo kirol talde bateko partaide izatea ere baloratuko da.

Interesa dutenek datorren maiatzaren 31ra, asteazkena, bitartean izango dute curriculumak aurkezteko epea. Alegiako kultur etxean aurkeztu behar dira eta informazio gehiago nahi duenak 943 65 46 98 telefono zenbakira deitu edo kultura@alegia.eus helbide elektronikora idatzi dezake.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!