Natura protagonista haurrentzako antzezlanean

Imanol Garcia Landa 2017ko maiatzaren 19a

Patata Tropikala taldeak Kondaira baten truke haurrentzako antzezlana eskainiko du, gaur, 16:30ean, Elizpe Zinema aretoan. Iturri Zahar guraso elkarteak antolatu du emanaldia.

Patata Tropikala taldeko kidea den Iker Etxarrik azaldu duenez, emanaldiak «naturari buruz» hitz egiten du: «Urtero naturaren festa ospatzeko basoko iratxoek festa bat antolatzen dute. Bi iratxok ardura dute tarta bat prestatzeko festa hau ospatzeko. Kondaira batek dioenez, tarta garaiz ez bada egiten gizon metalikoak etorriko dira eta basoa suntsituko dute».

Haurrei zuzendutakoa da, 2 eta 12 urte bitartekoentzat, eta baita gurasoentzat ere. «Bakoitzak era batera edo bestera hartzen du istorioa; gainera oso bisuala da, umorearekin eta koloretsua, eta denek ulertzeko moduan egindakoa», esan du Etxarrik. Haurrentzat emanaldiak osatzeak bere berezitasunak dituela gaineratu du: «Haurrengana iristea eta bere sentsibilitatea mugitzea bilatzen dugu. Bere mezua du, eta bizia eta mugimendu askokoa izatea bilatzen dugu». Patata Tropikala taldetik osatzen dituzte antzezlanak eta hauen bitartez mezuren bat helarazten saiatzen direla azaldu du Etxarrik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!