Hirigintza ekologikoan oinarritutako plan orokorra

Imanol Garcia Landa 2017ko mai. 17a, 13:00
Alegiako herrigunearen ikuspegia.

Hirigintzako plan orokorraren aurrerapen dokumentua aztergai dute herritarrek.

Alegiako hirigintza plan orokor berriak beste pauso bat eman du eta dagoeneko jendaurrean eskuragarri dago aurrerapen dokumentua. Hirigintza ekologikoa kontzeptuan oinarrituta idatzi da aurrerapena. Unai Iraola alkateak azaldu duenez, «bertan kontuan hartzen dira, besteak beste, eraikuntza beharrak, lurren aprobetxamenduak eta lehenengo sektorearentzako garrantzitsuak diren lurrak ez okupatzea». Bestalde, herrigunean degradatuta dauden lurzoruak, erabilera galdu duten lantegiak, adibidez, etxe berriak egiteko berreskuratzea proposatzen da eta horrela lur berriak ez okupatzea. Mugikortasuna ahal den eraginkorrena izatea proposatzen da, oinezkoa zein bizikleta bidezkoa lehenetsiko duena. Ekologiarekin lotuta ere energia efizientzia bermatzea aurreikusten du planak, adibidez, etxebizitzetan eguzkiarekiko orientazioa kontuan hartuz.

Iraolak esan duenez, «orain arteko hirigintza garapen ereduak soilik irabazi ekonomikoaren arabera aurreikusi dira, eta kontzeptu horrekin aldatu nahi genuen plan orokor hau idazterakoan». Bioeraikuntza, osasuna, ingurumena... bezalako kontzeptuak hartu dira kontuan plan berrian. «Krisi egoerara ekarri gintuen garapen mota horren ondorioak ikusi ditugu. Aldaketa klimatikoa eta beste hainbat arazo estruktural hor ditugu, garapen eredu horrek sortu dituenak. Plan orokorrean horiek zuzentzeko beste hirigintza eredu bat hartzen ari gara kontuan».

Hirigintza ekologikoan trinkotasuna, konplexutasuna, eraginkortasuna eta gizarte kohesioa hartzen dira helburu moduan. Trinkotasunak lurra alferrik ez okupatzea azaldu nahi duela dio Iraolak, hau da, «etxebizitza guneak gune trinko bat izatea, horrek ahalbidetzen duelako herritarren arteko harremana hurbilekoa izatea, zerbitzuen efizientzia ere handiagoa izatea eta mugikortasun beharrak ere modu efizienteagoan gauzatzea».

Konplexutasunak adierazten du ahal den gune anitz gehienak elkarren ondoan izatea, hau da, industriagunea, etxebizitzak, aisialdi guneak eta zerbitzuak. Bestalde, eraginkortasuna bilatu nahi da bai mugikortasunean eta baita energian ere. Azkenik, gizarte kohesioa helburu sozial bezala hartzen da, «eredu honen azken helburua jendartean eragitea izango litzatekeelako», esan du alkateak.

Zerbait berria egiten ari direla dio Iraolak: «Bideak irekitzen ari gara eta proba bat izango da». Filosofia ondo dagoela dio, «gero hori dena gaur egun dagoen legediarekin kontrastatu behar da eta bete. Tentsio horretan gaude: zer nahi dugun eta egungo testuinguru legalak eta administratiboak zertara behartzen gaituen».

Etxebizitza behar berriak antolatzeko, bi gune proposatzen ditu planak. Batetik, eskola eta bulebarraren artean dagoen gunea, Hiltegia deritzona. Bestea, Fabrensako industriaguneko lehenengo pabiloien gunea izango litzateke, Larraitz Mendebaldearen jarraipen moduan. «134 etxebizitza berri aurreikusten dira. Gero kontuan hartu behar da lehentasuna dela Alde Zaharrean dauden etxebizitza hutsei irtenbidea ematea», zehaztu du Iraolak. Alegiak bere kokalekuarengatik ez duela aukera ematen lur gehiago okupatzeko gaineratu du, «eta okupatu daitezkeenak interesgarriak direlako lehen sektorearentzako».

FASE «GARRANTZITSUA»

Behin aurrerapen dokumentua aurkeztuta, ekarpenak jasotzeko eta proposamenen inguruko elkarrizketa prozesu bat ireki nahi du orain udalak, «norbanako nahiz eragile guztiekin, dokumentua osatzeko ahal den herritar gehiagoren ekarpenarekin», esan du Iraolak.

Dokumentua eskuragarri dago udaletxean bertan edo udalaren webgunean. «Batez ere garrantzitsua da jendeak dituen alegazioak, kezkak edo zuzendu nahi dituenak fase honetan lantzea», gaineratu du Iraolak. «Gero, osoko bilkurak behin behineko onarpena ematean, ez badago alegaziorik, dena azkarrago joaten da. Hau da, nahi dugu aurrerapen dokumentua erabiltzea egin beharreko aldaketak egin eta gutxieneko adostasunetara iristeko». Bide batez, alkateak herritarrak eta eragileak animatu ditu bere ekarpenak egitera.

Plan orokorrari buruzko panelak jarriko dituzte aste honetan herriko bost puntutan. Bestalde, planaren inguruan informazio gehiago izateko edo zalantzak argitzeko udaletxera deitu eta arkitekto taldearekin hitzordua jartzeko aukera dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!