Tren geltokia hobetzeko ebazpena onartuko dute batzar nagusietan

Imanol Garcia Landa 2017ko mai. 10a, 12:00
Alegiako tren geltokiko pasabidetik pertsona bat igarotzen. IMANOL GARCIA LANDA

Marijo Murillo eta Enkarna Mejia alegiarrek herriko tren geltokiak dituen segurtasun eta irisgarritasun gabeziak azaldu dituzte Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Marijo Murillo eta Enkarna Mejia alegiarrak sinadurak biltzen hasi ziren Alegiako tren geltokiko segurtasun eta irisgarritasun gabeziak konpontzeko eskaera egiteko, aurreko azaroan herritar bat hil ondoren trenak harrapatuta. Gipuzkoako Batzar Nagusietan izan ziren astelehenean beraien eskakizuna aurkeztuz, EH Bilduk gonbidatuta, eta agerraldian izan ziren alderdien babesa jaso zuten. Gaiaren inguruan ebazpen bat onartuko dute Batzar Nagusiek, eta ebazpen hori eta bildutako sinadurak tren geltokien ardura duten Adif erakunde publikora bideratuko dute.

Astelehenean egin zuten agerraldia Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Batzordean, Unai Iraola alkateak lagunduta. Batzar Nagusietako alderdi guztiak izan ziren bertan, PPkoa izan ezik. «Agerraldiarekin gure helburua izan da egunerokotasunean tren geltokian izaten ditugun arriskuak azaltzea», esan du Murillok. «Tren geltokia bihurgune baten erdian dago kokatuta, eta Donostiarako trena hartzeko garaian trenbidea gurutzatu behar da, eta ez da ikusten trenik datorren. Bestalde, bihurgune batean dagoenez, irisgarritasunaren aldetik arazoak daude trenera igotzeko». Tren geltokia «XIX. mendekoa» dela gaineratu du Murillok, «ez baitu inongo zerbitzurik».



Murillok eta Mejiak azaldu dutenez, garbi dute «erabateko aldaketa» egin behar dela. «Era berean oso kontziente gara hori ez dela une batetik bestera egiten den kontua. Baina behintzat pasabiderako hesia, semaforoa eta seinale akustikoa berehala jarri daitezke». Guztira 473 sinadura bildu dituzte. Orain, Adifera egingo duten eskaerari Batzar Nagusietatik izango den ebazpenak bultzada emango diola espero dute.

Unai Iraola alkateak azaldu duenez, maiatzeko osoko bilkuran mozio bat aurkeztuko da gairen inguruan. Behin mozioaren onarpena eginda, hori ere Adifera bidaliko den eskaeran txertatuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!