Gazteenak gaztetxera hurbiltzeko eta bere ekarpena egiteko eguna

Imanol Garcia Landa 2017ko mai. 6a, 19:23

Alegiako Gaztetxean II. Gazte Eguna ospatzen ari dira, eta egitarauak gauean jarraituko du Sukarra 37 eta Guri5 taldeen kontzertuarekin, 22:30ean hasita.

Nahi baino erantzun txikiagoa izan dute Alegiako Gaztetxean gaurko egunean, kontuan izanik Tolosako Gazte Egunarekin eta Herriarteko Bertso Txapelketarekin bat egin duela. Eguraldiarekin nahiko duda sartu zaizkie goizean, eta azkenean ez dira Langaurrera joan, pentsatuta zuten moduan, eta indoor kirolen txapelketak egin dituzte. Bazkaria gaztetxean egin dute eta gero tertulia egin dute gaztetxearen historiako hainbat argazkirekin. Bibalabirjen txarangarekin poteoa egitea izan da hurrengo ekitaldian eta gauean kontzertuak izango dituzte.

Alex Goikoetxea gaztetxeko kideak azaldu duenez, Gazte Egunaren helburua "jende berriari, atzetik datorren jendeari bidea irekitzea da, eta haiek ere gure antolatzeko modua eta dinamika hartzea. Gazteagoen inplikazio indartu nahian gabiltza". Aurrera begira ere, herriko festak gerturatzen ari direnez, deialdia egin diete gazteei gaztetxera joan eta bileretan eta ekitaldietan parte hartzeko. "Esan ohi den moduan, gaztetxea zurea dela sentitu behar duzu, gero eta gehiago inplikatzeko", gaineratu du Goikoetxeak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!