Jaietako kartel eta logotipo lehiaketarako lanak jasotzeko epea zabalik

Ataria 2017ko maiatzaren 4a

Alegiako Udaleko Festa Batzordea uztailean ospatuko diren herriko jaien prestaketa lanetan murgilduta dabil. Azken urteetan egin den moduan, aurten ere kartel eta logotipo lehiaketa antolatu da eta lanak aurkezteko epea zabalik da datorren maiatzaren 19a, ostirala, bitartean.

Ohi bezala, kartel irabazlea festetako egitarauaren azala izango da eta logotiporik onena, berriz, festetako kamiseta eta bestelako argitalpenetan erabiliko da.

Lehiaketan parte hartzeko baldintzen artean, 12 urtetik gorako edozein alegiarrek hartu ahal izango du parte. Aurkezten diren lan guztiek derrigorrez «Alegiako festak 2017» testua izan beharko dute eta jai horien ezaugarri, irudi edo leloren bat ere izan beharko dute. Pertsona bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ahal izango ditu eta aurkezterakoan, gutun azal itxi batean egilearen izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia eta adina adierazi beharko dira. Kanpoan, berriz, egilearen goitizena eta kartelerako edo logotiporako den zehaztu beharko da.

Lanak Alegiako kultur etxean aurkeztu behar dira. Lehiaketaren oinarriak osorik Alegiako Udalaren webgunean kontsultatu daitezke.

Sarien inguruan, herritarrak izango dira bozka bidez irabazleak aukeratuko dituztenak. Maila bakoitzeko irabazleak bi lagunentzako afari bat irabaziko du Eizmendi jatetxean eta 100 euroko diru saria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!