Hausnarketarako collageak

Imanol Garcia Landa 2017ko mai. 1a, 11:16
Egoitz Irizar eta Txarli Gesteira, beraiek egindako bi collage erakusten. I. GARCIA LANDA/I. LUQUE

Txarli Gesteirak, Egoitz Irizarrek eta Fer Apoak bere collage digitalak zintzilikatzen dituzte Interneteko Kuragge gunean. Aldarrikapen ukitua izaten dute bere lanek.

Collage eta kuraia hitzak nahastuta, Kuragge topagunea sortu dute hiru lagunen artean, kuragge.noizze.org helbidean. 2015eko abenduan jarri zuten martxan. Txarli Gesteira alegiarrak egin zien gonbita beste biei, Egoitz Irizar beasaindarrari eta Fer Apoa irundarrari, hiruren lanak webgune batean jartzeko. “Haien lanak Facebooken eta Twitterren ikusten nituen”, azaldu du Gesteirak. “Sare sozialetan argitaratutakoa galduz joaten da, eta lanak nonbait biltzea falta zen, eskurago izateko. Komentatu nien webgunea sortzeko modua bazegoela, eta baiezkoa eman zuten biek”.

Sare sozialetan izena emateak sortzen dituen oztopoetatik at, Interneten sormen lanak modu irekian ikusteko aukera dagoela nabarmendu du Gesteirak, eta Irizarrek gaineratu du webguneak beste abantaila bat duela: “Lanak kalitate hobean ikustea”.

Collage digitalak jartzen dituzte, testu bati eta abesti bati lotuak normalean. Lanek “aldarrikapen ukitua” dutela adierazi dute sortzaileek. Haur batzuk gerra giroan jolasten, atzean AEBetako Kapitolioa sutan ikusten dela; edo haur bat kaiola baten barruan dagoen Lurrari begira. Adibideetako bi dira horiek.

Kuraia musika taldeko kidea da Apoa, eta talde horretako Bizi gera abestiaren hitzak erabili dituzte Kuragge gunea nolabait definitzeko. “‘Irudimena da gure ekintzarik zuzenena’ dio abestiak, eta hor dago asmoa: irudimenaren edo sormenaren bidez ekintza bat egiten dugu; jendeari hausnarketa eginarazten diogu”, esan du Gesteirak. “‘Txikiak bagaituk, elkartuko gaituk’ dio abestiaren beste esaldi batek. Hau da, bakoitza bere kabuz aritu beharrean, elkartuz gero indar handiagoa egiten dela”. Kuragge espresiorako gune bat dela gaineratu dute, “collagea, testua eta musika” uztartzen dituena.

Ez dute gai jakin bat jorratzen. “Bakoitzak bere erara egiten dugu lan”, argitu du Irizarrek. “Ez dakit lanek ukitu politikoa duten edo ez, baina aldarrikapena badaukate. Azken finean, munduari buruz daukan ikuspegia azaltzen du bakoitzak”.

Internetetik hartzen dituzte gustuko irudiak edo balio dezaketenak, eta itzalak eta koloreak jartzen dizkiete Photoshop bidez. Antzeko teknika erabiltzen dute hirurek, eta patroi bera ere bai askotan: zuri-beltzeko irudiak hartu, eta irudi koloredunak txertatu, efektu jakin bat lortzeko. Espazioa asko erabiltzen dute, eta argazki zaharrek ere protagonismo handia daukate. Gesteirak, esaterako, Gure Gipuzkoa bildumara jotzen du bertako argazki zaharrak erabiltzeko: “Argazki interesgarriak daude, eta tarteka saiatzen naiz horiek erabiltzen”.

Musika, elkargune

Musika izan da hiru sortzaileen arteko lotura eta irudiaren mundura iristeko abiapuntua. “Txarli eta bion kasuan, kontzertuak antolatzen ibili gara urte askoan, nahiko giro amateurrean”, azaldu du Irizarrek. “Azkenean, taldeekin hitz egin, tratua egin, afaria prestatu, soinu ekipoa kargatu, kartelak egin… Geu aritzen gara guztia egiten”.

Irizarri eta Gesteirari kontzertuetako kartelak eginez piztu zitzaien irudiak sortzeko zaletasuna, eta, gaur egun ere, Kuragge-rako egiten dituzten lanez gain, Alegiako eta Beasaingo gaztetxeek antolatzen dituzten ekitaldi eta kontzertuetarako kartelak egin ohi dituzte. “Gustatzen zait lan hori, eta hor jarraituko dugu erreleboa iritsi arte”, gaineratu du Gesteirak. Irizarrek, berriz, lagunen musika taldeentzako diskoen maketazioak ere egiten ditu; azkenaldian horrelako hiruzpalau egin dituela adierazi du.

Ateak zabalik ditu proiektuak. Horren erakusgarri, musika mundutik ezagutzen dituzte Hodei Esteban eta Eider Iturriaga, eta horiek collageren bat edo beste egin izan dute. “Gurekin harremanetan jar daiteke parte hartzeko interesa duena, webgunean iruzkin bat idatziz, adibidez”.

Webgunean iruzkin asko jasotzen ez badituzte ere, badakite jendeak ikusten dituela lanak. Irizarri, adibidez, Kuragge-n jarritako irudi bat eskatu zion musika talde batek kartel bat egiteko. Gesteirak, berriz, konexio berezi bat izan zuen lanetako batekin: “Niña Coyote eta Chico Tornado taldekoek esan zidaten azken diskoa pasatuko zidatela. Diskoa jaso baino egun bat lehenago, kasualitatez, collage bat kargatu nuen, eta asteroide bat ageri zen bertan. Diskoa bidali zidatenean, Koldok, taldeko kide batek, aipatu zidan collagea ikusi zuela”. Diskoa entzuteko esan zion, eta hitz egingo zutela. “Asteroide izenekoa zen hirugarren abestia, eta lotura handia zuen nik egindako collagearekin”.

Kolaborazioak ere gustura hartzen dituzte. “Niri gertatu izan zait irudiren bat egin eta testua garbi izatea, baina abestia aukeratzeko laguntza eskatzea”, aitortu du Gesteirak. “Horrek aukera eman dit ezagutzen ez nituen taldeak eta abestiak ezagutzeko”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!