Txartel bidezko sistema jarriko da San Juan kalerako

Imanol Garcia Landa 2017ko api. 11a, 10:00

Orain arte mando bidezko sistema zegoen ezarrita; txartela izateko zeinek izango duen eskubidea zehaztu behar du udalak.

Alegiako San Juan kalera autoz sartzeko baimena txartel bidezko sistemaren bitartez egingo da. Beraz, mando sistemaren ordez ezarriko da txartel sistemarena. Unai Iraola alkateak azaldu duenez, «ikusi da mandoaren sistemak gainezka egin duela eta berritu beharra zegoen».

Pibote pneumatiko batzuen bidez erregulatuko dira autoen sarrerak eta irteerak San Juan kalera. Azken sei hilabeteetan udalak irekita utzi ditu piboteak, proba moduan, kalearen erabiltzaileen ohiturak ikusi nahi zituelako. «Esperimentu bezala ondo egon da, baina oinezkoen ikuspegitik ikusi da muga batzuk jarri behar direla. Eta sistema bat berriz ere beharrezkoa dela, jendeak ohitura nahiko zabarrak dituelako», esan du Iraolak. «Kexa handiak izan ditugu: jendeak leku desegokietan aparkatzen zuela eta denbora luzez».

Orain gutxi bilera bat egin du udalak bizilagunekin gai honen inguruan. Bileraren lehen zatian, aurretik egindako galdetegiaren emaitzak azaldu ziren: erosketa ohiturak, familia bakoitzeko auto kopurua, aparkatzeko ohiturak... «Udaletik informazioa jaso nahi genuen, ez soilik kalea oinezkoentzat jartzearen inguruan, San Juan kaleko herritarrek eta Bideberrietakoek dituzten ohiturak jasotzeko ere», esan du Iraolak.

Bileraren bigarren zatian San Juan kalean ezarri nahi den sistema berriaren nondik norakoak azaldu ziren. Txartel irakurleak jarriko dira eta horietatik pasa beharko da txartela autoz igarotzeko.

Oraindik ez dute guztiz zehaztu zeinek izango duen autoarekin kalera sartzeko eskubidea. «Egia da mando sistemarekin garaje jabeei eta negozio jabeei mugatu zitzaiela, eta une batzuetan behar bereziak zituzten herritarrei ere eman zitzaien mandoa. Orain hartu behar ditugun erabakiak dira San Juan kaleko etxebizitza bakoitzari emango zaion eskubide hori ala ez. Mando sistemak ez bezala, txartel sistemak ez du mugarik, eta orain definitu egin behar dugu zeinek izango duen aukera», zehaztu du Iraolak.

Bileran hainbat iritzi jaso zituzten udalekoek. «Alderdi guztiak ez ditugu erabat gustura utziko», esan du Iraolak. «Lehentasuna oinezkoek dute eta oinezkoentzako eremu bat izan behar du. Saiatuko gara ere beste interesdun taldeen eskaerak neurri batean betetzen».

Alegiako Udaletik espero dute Aste Santutik bueltan, apirilean zehar, sistema definitua izatea, eta ondoren eginbeharreko lanak egitea martxan jartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!