Gizarte hetero-patriarkaletik datorrena deseraikitzen

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 31a, 11:16
Aste honetako indarkeria prebenitzeko tailerraren une bat.

Maskulinitate tailerra eta indarkeria prebenitzeko tailerrak burutzen ari dira Martxoa Morearen barruan.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, aurten Martxoa Morea egitasmoa antolatu du Alegiako Udalak, eta antolatu dituen jardueren artean bi tailer jarri dira martxan: indarkeria prebenitzeko tailerra eta maskulinitate tailerra.

Azken tailer hori antolatzearen arrazoia azaldu du Unai Iraola alkateak: «Martxoa Morea prestatzen hasterakoan begi onez ikusi zen gizonezkoei edota mutilei bideratutako ekimen bat antolatzea». Ideia hori hartuta, egokia ikusi zen edukietan jantziak izan eta herrian ezagunak edo erreferente izan zitezkeen gizonezkoek tailer bat ematea, parte hartzaileen konfiantza gehiago lortzearren. Iraolari berari eta Andu Martinez de Rituertori egin zieten eskaria.

Maskulinitate tailerrari buruzko bi saio egingo dira, eta bigarrena datorren asteartean egingo da. «Gizarte parekideago baterako ibilbidean, iruditzen zitzaigun nolabaiteko indargunea, esfortzua eta begirada, batez ere, emakumeengan jarrita dagoela. Eta hor ere badago beste eremu zabal bat, gizonezkooi dagokiguna, lortu nahi den helburu horretarako ibilbide bat egin beharra daukagunak», esan du Iraolak, tailerraren helburua azaltzean. «Ibilbide horretan ere birpentsatu beharko dugu zer den gizon izatea».

Gizonak feminista izatearen inguruan ere aritu da Iraola: «Feminista izatea emakumezkoa izatearekin lotu ohi da. Alde horretatik, feminismoak defendatzen dituen gizarte parekide eta berdintasunezkoaren aldeko gizonak ere bagaudela sozializatu nahi da. Eta sozializazio horretarako aurrerapauso bezala ikusten da tailerra».

Andu Martinez de Rituertok gaineratu duenez, «sentsazioa daukat azken aldi honetan feminismoak kutsu negatiboa hartu duela zenbait sektoretan». Feminismoaren borroka «berdintasunaren borroka» dela dio, «azkenean gizarte justu bat lortzeko borroka da». Eta bide horretan emakumeek eta gizonek, denek egin behar dutela tira dio.

Genero estereotipoen presioa

Maskulinitate tailerraren lehen saioan ardatz batzuen inguruan eztabaida sortu eta hausnartzea izan zen asmoa. Horietako ardatz bat genero estereotipoak izan ziren. «Genero estereotipoak eraketa sozial bat dira. Zerbait eraikia da, ez da berez sortzen zaiguna», esan du Martinez de Rituertok. Gizarteak «oso era itxian» agintzen duela esan du, eta gaineratu: «Gizartea ez da aparteko izate bat. Gizartea da familiatik hasita, bizilagunak, komunikabideak, eskola... Denok egiten dugu presioa zer-nolako emakume eta gizon izan behar dugun». Estereotipoak «gerriko estu batzuk» direla eta «emakumeei eta gizonoi izugarri mugatzen» dietela dio: «Askotan pentsatzen dugu ondorio txarrak bakarrik emakumeentzat direla, baina gizarte hetero-patriarkalaren genero estereotipoak kalte egiten digu gizon zein emakumeei. Ez gara konturatzen gure gizon edo emakume izateko era nolabait gizarteak eraiki duela».

Beste ardatzetako bat aniztasun sexualari buruz dagoen jarrera izan zen. «Orokorrean hartuta, hetero-norma hobesten dute gizonezkoek, eta heterosexualetik kanpo ez dagoela ezer pentsatzen da», azaldu du Martinez de Rituertok. Orientazio sexualaren inguruan, Iraolak azaldu du hitz egiten aritu zirela «erbeste sexualari» buruz: «Badira pertsonak beste orientazio sexual baten jabekuntza egiterakoan herritik alde egiten zutela, ito egiten zirelako, ez zutelako beraiek ziren bezala errespetatuko zituen ingurune bat aurkitu hemen. Eta hemen gelditutakoek azaltzen dute nolako sufrimendua daramaten gainean». Horren aurrean enpatia ariketa egitea eta bestearen lekuan jartzea «asko kostatzen den kontua» dela azaldu du. Hortik abiatuta behar bat ere zehaztu zela saioan gaineratu du: «Dauzkagun kontzeptu eta estereotipo asko deseraikitzea, eta berriz ere errespetuarekin eta besteekiko enpatian funtzionatzen hastea».

Bikote harremanei buruz ere aritu ziren, eta bigarren tailerrari begira, gai horien inguruan hausnartzea eta sakontzea dute asmo moduan. «Buruan genuen ere bost edo sei konpromiso hartzea aurrera begira, nolabaiteko praktika onen zerrenda baten gainean», zehaztu dute, eta gaineratu: «Oso garrantzitsua da izpiritu kritiko bat izatea, betaurreko moreak janztea».

Indarkeria fisikoaren aurrekariak

Indarkeria prebenitzeko tailerrari dagokionez, emakumezkoei zuzendutakoa da, eta Gaztelekuan egiten dituzte, asteazkenetan, Hirustako profesionalen eskutik. Beste hiru saio geratzen dira eta horietan ere parte hartzeko aukera zabalik dago. Iraolak azaldu duenez, «bertako edukia da lehenik eta behin identifikatzea, jarreretan edota harremanetan, indarkeria fisikoaren aurrekariak, eta arrisku egoerak aurreikusteko».

Martxoa Morea antolatzearen arrazoietako bat, Iraolak dioenez, «berdintasunaren gaian ukitu beharrezko elementu asko» egotea da. «Oso mediatikoa da eta larriena indarkeria fisiko zuzena da, indarkeria matxistaz eraildakoak. Horiek izango lirateke izozmendiaren punta. Ur azpian izotz puska erraldoia dago, eta hitz egiten ari garen elementu guzti hauek, estereotipoak, harremanak, indar-harremanak, baldintzatzen dute azken finean horrelako gertakariak izatea». Lanketa «sakonagoa» egin behar dela dio Iraolak: «Ez da geratu behar bakarrik indarkeria kasu larrienen salaketan. Azpian, jatorrian, dagoen indarkeria matxista identifikatzen eta desmuntatzen joatea da bidea».

 

HURRENGO SAIOAK

Maskulinitate tailerra

Apirilak 4, asteartea. Udaletxeko batzar aretoan, 18:30ean.


Indarkeria prebenitzeko tailerra

Apirilak 5, asteazkena. Gaztelekuan, 18:00etatik 20:00etara.

Apirilak 26, asteazkena. Gaztelekuan, 18:00etatik 20:00etara.

Maiatzak 3, asteazkena. Gaztelekuan, 18:00etatik 20:00etara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!