Helduentzako patinaje ikastaroa antolatu du Iturri Zahar elkarteak

Ataria 2017ko martxoaren 23a

Imanol Aizpurua elkarteko kideak azaldu duenez, «iaz antolatu genuen ikastaro bat haurrentzat eta nahiko arrakasta izan zuen, 40 haur inguruk eman zutelako izena. Oso gustura geratu ginen, eta guraso batek baino gehiagok eskatu zuen haurrentzako antolatzea ondo zegoela , baina gurasoentzat ere bat ez ote zegoen antolatzerik. Eta horrela, tiraka-tiraka, antolatzea pentsatu dugu». 

Izena emateko epea bihar bukatzen da eta kultur etxera joan edo bertara deitu behar da horretarako. Izena eman behar da eta telefonoa utzi. «Izena ematen dutenen arabera zehaztuko dugu noiz hasiko garen», azaldu du Aizpuruak. «Ziurrenik martxoaren 29an hasiko da, baina zehaztu gabe dago, eta lehenengo bilera bat egingo da izena ematen duten guztiekin». San Joan egunaren ingurura arte iraungo du ikastaroak.

Zehaztuta dagoena saioak asteazkenetan izango direla, 21:00etan, Alegiako frontoian. «Ez da ziurrenik ordurik egokiena, baina frontoian egin beharra dago, estalita dagoen toki bakarra delako horretarako, eta frontoiaren ordutegia oso beteta dago eta hori da libre dagoen ordu bakarra». Deialdia dakitenentzako eta ez dakitenentzako dago irekita, eta edozein herritarrentzako. «Izena ematen dutenen artean ikusiko da zein maila dagoen eta nola antolatzen diren». Ikastaro osoaren prezioa 10 eurokoa izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!