Presoen sakabanaketa salatzeko itxialdia

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 7a, 08:02
Irudian, preso eta iheslarien aldeko mobilizazioa Alegian.

Herritar talde batek deituta, Alegiako udaletxean egingo dute, ostiralean hasi eta igandera arte.

Elkartasun itxialdia egingo dute asteburu honetan Alegiako udaletxean, herritar talde batek deituta. Maitane Balerdi taldeko kideak azaldu duenez, «sakabanaketa pairatzen duten preso, iheslari, senide eta lagunei elkartasuna adieraztea eta inguruko jendea larritasunaren egoeraz jabetzea da ekimenaren helburua». Taldetik deialdia egin dute helburuarekin bat egiten duen edonori parte hartzera.

Egoerak azken urteetan «okertzera» egin duela gaineratu du Balerdik: «Behar beharrezkoa ikusten da gizarte guztia aktibatzea eta zerbaitetan parte hartzea. Sakabanetak okerrera egin du gaur egun kartzeletan dauden preso kopurua gutxiago izanik, kartzela kopurua mantendu egiten delako, edo gehitu ere bai. Beraz, preso horiek bakartuago daude, eta senideak bertara joateko egin behar izaten dituzte kilometroak eta kilometroak astebururo. Gaur egun bakardadea handiagoa da».

Balerdik ez du ikusten «mugimendurik» etorkizun hurbil baterako: «Ez da ikusten inongo alketa zantzurik. Gizarteak badu egoeraren berri, baina gertatzen da bai Gobernu espainiarrak eta bai Gobernu frantsesak zartagia kirtenetik hartuta dutela, eta beraiek ez dute ezer egiten». Balerdik azaldu duenez, «geratzen zaiguna da gizarteak adieraztea aldaketa nahi duela, eta hemengo instituzioetatik horren inguruan lanketa serio bat egitea, ez bakarrik hitzetan geratuko dena. Gizartea aktibatzea da gure asmoa».

Ostiraletik igandera arte iraungo dute ekitaldiek. Ostiral arratsaldean kartelada egin ondoren, udaletxe barrura sartuko dira. Larunbatean ere hainbat ekitaldi egingo dituzte, eta igande eguerdian bukatuko da itxialdia, testu baten irakurketarekin eta karteladarekin.

Balerdik azaldu duenez, herritarrak gonbidatu dituzte ekitaldietara joatera eta itxialdian parte hartzera: «Ez da derrigorrezkoa itxialdi osoan bertan egotea. Bakoitzaren arabera egon daiteke parte hartzen itxialdian».

AZKARATEK ERIZAINDEGITIK ALTA EMATEKO ESKATU DU 

Maitane Balerdi Manu Azkarateren bikotekidea da, eta larriki gaixorik dagoen preso tolosarrak egun bizi duen egoera azaldu du. Manu Azkarate tolosarra Soto del Real espetxetik Alcala-Mecora eraman zuten orain egun gutxi. Balerdik azaldu duenez, «Alcala-Meco espetxeko erizaindegiko baldintzak ikusita, nahiago du ohiko ziegan egon erizaindegian baino, eta handik ateratzeko eskatuko du».

Azkaratek ezin du ultzeratutako hanka lurrean jarri eta goratuta eduki behar du. Erizaindegian, ordea, 09:00etatik patiora ateratzera edo egokitu gabeko beste areto batera joatera behartzen dute. Horregatik uste du tolosarrak modulu normal batean hobeto egongo dela.

Balerdik gogora ekarri du Alegiako udaletxeko itxialdian, sakabanaketa salatzeaz gain, gaixo dauden presoen egoera salatuko dutela eta horiek kartzeletatik ateratzeko eskatuko dute.

 

EKITALDIAK

Martxoak 10, ostirala

19:00. Kartelada Alegiako plaza nagusian eta jarraian udaletxe barrura sartzea.

Martxoak 11, larunbata

11:30. Dispertsioaren inguruko informazio kartela eskegi.

12:00. Bertsoak udaletxeko balkoitik.

17:30. Eskubide urraketak eta preso gaixoak hitzaldia , Teresa Toda eta Fernando Arburuarekin.

19:30. Musika emanaldia.

20:30. Zahagiardoa arkupean.

22:00. Filma udaletxean: Charles Chaplinen Tiempos modernos.

Martxoak 12, igandea

12:00. Testu irakurketa eta kartelada plazan.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!