Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketa

Arrakasta osoa Gaztetxeko bertso lehian

Felix Irazustabarrena 2017ko ots. 11a, 19:47
Alegiako taldekoak bertsotan. FELIX IRAZUSTABARRENA

Alegiako taldeak irabazi zuen atzo Gaztetxe bete-betean jokatu zen Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketa. Herriko taldea Zazpi Astoren Gainean eta Ataun eta Segurak osatu duten Aizkorpe aritu ziren bertsotan.

Giro ederra zegoen, ia berrehun lagun inguru hurbildu ziren Gaztetxera bertsoak entzutera eta ederki gozatu zuten. Saioa ona izan zen bertso maila oso txukunean eta bizi, umoretsu. Hasi prestatuta ekarri zituzten agurretatik eta kopla bitarteko saio guztiak ziren dotoreak, ofiziotan eta ariketa berezietan entzuleen algarak eta txaloak bildu zituzten.

Bi taldeek ondo prestatuta daudela eta bertsotan egiteko gaitasuna erakutsi zuten. Talde batek ez zituen beste taldeko bertsolariak asko ezagutzen eta ezta entzuleek ere, baina sorpresa ederra izan zen azaldutako maila. Aizkorpekoak esaterako oso ondo aritu ziren bertsotan. Behar bada herrikoen umorea, Zaztarreren kolpeak, entzuleekin komunikatzeko aukera hobea… izan ziren azkenean Zazpi Astoren Gainean taldearen alde egin zutenak. Etxean jokatzearen abantaila akaso.
 
Jendeak oso gustura bukatu zuten ordu eta bost minutu iraun zuen saioa eta gero. Eta epaimahaiak esan bezala Alegiako taldea jarri zuen garaile hamabost punturekin, Aizkorpekoak  bederatzi lortu zituen bitartean.

Bi talde hauekin batera Getariako taldea dago hirukotea osatuz, eta orain hari egin beharko diete aurre biek. Esaterako, Alegiakoek martxoaren lehen asteburuan joan beharko dute kostako herrira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!