Argazki rallya antolatu dute lehen aldiz herrian

Ataria 2016ko ira. 23a, 18:13

Alegiako Argazkizaleen Elkarteak jarri du abian lehiaketa, eta igande honetan egingo da, goizean zehar.

Alegiako Argazkizaleen Taldeak Alegiako I. Argazki Rallya antolatu du. Igande honetan egingo da, goizean, eta izen-ematea 08:45etik 09:30era egingo da, Intxurre elkartean. Bi maila bereziko dira: helduak, 16 urtetik gorakoak, eta gazteak, 15 urte artekoak.

Edozein argazkilari nahiz argazkizalek parte hartu ahalko dute, eta bakoitzak bere kamera eta txartel grafikoarekin joan beharko du. Parte hartzaileak izena ematerako orduan, kontrolerako argazki bat egin beharko du.

Gaiak izen ematearen unean emango dira ezagutzera. Irailaren 25ean 08:45etik 14:00etara egindako argazkiek bakarrik balioko dute lehiaketarako. Argazkiak Alegiako udalerrian egin beharko dira. Memoria txartela 13:00etatik 14:00etara bitartean deskargatu ahal izango da izen ematearen lekuan bertan.

Parte hartzaile bakoitzak kontrolerako argazkitik aurrera gehienez sei argazki jaitsi ahal izango ditu, gai bakoitzeko bana, gutxienez, eta argazki horiek aurkeztuko ditu lehiaketara.

Hiruna sari maila bakoitzean

Epaimahaia Alegiako Argazkizaleen Taldeko partaideek osatuko dute, eta erabakiak irmoa izango da. Hainbat sari izango dira, eta parte hartzaile berak ezin izango du sari bat baino gehiago jaso. Bai helduen zein gazteen mailan hiruna sari izango dira: bilduma onena, argazki onena eta alegiar batek eginiko argazki onena.

Epaimahaiaren erabakia ezagutu eta gero, lehiaketan aurkeztutako argazkiekin erakusketa bat egingo dela azaldu dute antolatzaileek. Sari banaketa testuinguru horretan burutuko da, eta ezinbestekoa izango da saridunak edo beren ordezkariak bertan egotea.

Saritutako eta aurkeztutako argazki guztiak Alegiako Argazkizaleen Taldearen esku geratuko dira, eta argitaratzeko edo erakusteko helburu komertzialik gabe eskubidea izango dute, beti egilearen izena azalduz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!