Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

«Akordio zabalak egin eta lau urte hauek aprobetxatu behar ditugu Euskal Herriaren eraikuntzarako»

Ataria 2016ko ira. 15a, 19:59

Oihana Etxebarrieta eta Xabier Olano, ekitaldiaren une batean.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begirako ekitaldi politikoa egin dute Alegiako plazan EH Bilduko Xabier Olanok eta Oihana Etxebarrietak. 

Xabier Olanok hauteskunde hauek "oso garrantzitsuak" direla esan du: "Azken finean bi aukera ditugu: orain arte bezala legebiltzarrean ezer handirik egin gabe eta Espainiari men eginez eta Espainiak egiten dituen murrizketa guztiak aplikatuz jarraitu, edo benetan akordio zabalak egin eta lau urte hauek aprobetxatu Euskal Herriaren eraikuntzarako benetako zutabeak martxan jartzeko".

Akordio horiek hiru zutabe izan behar dituztela gaineratu du Olanok. Batetik, "murrizketarik ez, pertsonek dute garrantzia eta zentzu horretan zerbitzu duinak eskaini behar zaizkie". Bigarrenik, "nazio eraikuntzan erabakitzeko eskubidearen inguruan aurrerapausoak eman behar dira, eta horretarako uste dugu akordio zabalak egin behar direla. Hirugarren zutabea "benetako bakea" lortzea da. "Badira urte batzuk alde batek bere ekinaldiak utzi zituela, baina bestaldetik bestelako aurrerapausorik ez dago, eta legealdi hau izan behar dugu derrigorrez benetako aurrerapauso sendoak emateko". Akordio horietarako, "errealista izanik", EH Bildutik ez dute ikusten "aukera handirik ez PSE-EErekin eta ez PPrekin, baina badirudi PNV eta Podemos antzeko sintonian egon daitezkeela. Horregatik egin dugu eskaintza akordio zabaletarako bi indar politiko horiei eta baita eragile sindikalei, nagusik ELA eta LAB sindikatuei". Olanok nabarmendu duenez, "gure eskaintza batez ere akordioak bilatzea da".

Bere aldetik, Oihana Etxebarrietak zehaztu duenez, "EH Bildutik oso garrantzitsutzat jotzen dugu pertsonak erdigunean izango dituen politikak garatzea, eta horretarako akordio zabal horretan ere bai pertsonen eskubideak, norbanakoen eskubideak, bermatuak egotea, Euskal Herritar guztienak". Horretarako erabakitzeko eskubideak "berebiziko garrantzia" duela gaineratu du: "Burujabetzaz hitz egiten baldin badugu, ikusi azken lau urte hauetan egin diren lege egitasmo garrantzitsuenak, etxebizitza legea edo udal legea bezalakoak, Espainiako tribunaletan daudela, denbora guztian topeak jarri nahi dizkigutelako. Horren aurrean ikusten duguna da gu gure aldetik lan egiten jarraitu behar dugula, herri aske bat beha dugula benetako politika hauek garatu ahal izateko, oztopo hauekin ez topatzeko". Aliantzak "oso garrantzitsuak" izango direla gaineratu du Etxebarrietak: "Lau urte hauek panorama politiko berri bat ekarri dezakete, eta espero dugu gu indarrez sartzea. Ikuspegi sozialago bat duten besteekin ere elkarlanean aritzeko borondate guztia daukagu, eta horretan ahaleginduko gara".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!