«Dena oso ondo joan dela esan du medikuak»

Asier Imaz 2016ko ira. 14a, 10:53

Astelehenean egin zioten ukondoan ebakuntza Iñaki Artolari (Alegia, 1994). Gaua ospitalean pasa ondoren, atzo goizean ekin zion Gasteiztik etxerako bideari pilotariak. Beti bezain adeitsu, eta gidatzen ez zihoanez, elkarrizketarako aprobetxatu zuen.

Kirolaren alderik ilunena bizitzea tokatu zaizu.
Egia esan, orain arte ez dut kasik lesio seriorik izan. 16 urterekin hankako giharretan eten bat izan nuen, baina geroztik bakean utzi naute. Orain tokatu zait. Kirolari gehienok ulertzen dugu lehenago edo geroago tokatuko zaigula. Ezin dut esan, beraz, ezustekoa izan dela.


Zehatz mehatz, zer daukazu?
Ukondoko lesio bat. Bi hezur nagusi elkartzen diren lekuan, kartilago pusketa txiki bat, 4 mm, bere lekutik aterata zegoen. Kolpe edo mugimendu zakar baten ondorioz. Egia esan ez naiz gogoratzen noiz egin nuen. Aspaldi xamar, izan ere, bere ingurunean kaltzifikaturik zegoen. Sobran zegoen pusketa hori kendu eta kaltzifikazioa gastatu didate.


Zein eragin zuen lesio horrek?
Besoa erabat luzatzen nuenean, zartada bat ematen zidan.


Aspaldikoa dela esan duzu. Enbarazu hori ere bai?
Hasieran txikia zen, eta pare bat urte edo egon naiz horrela. Ez nion aparteko garrantzirik ematen. Azken bi hilabeteetan, ordea, traba handiagoa zen, eta mina ere dezentekoa sentitzen nuen. Ekografia bat egin eta hor azaldu zen.


Ebakuntza beharra izango zenuela pentsatzen al zenuen?
Hasieran tenis edo golf jokalarien ukondoa deiturikoa izango zela pentsatu genuen. Sendatzen saiatu arren, enbarazuak hor jarraitu bakarrik ez, handitzera jotzen zuen. %100a ezin eman eta ezin gozatu ibili naiz azken aldian. Partida gogor bat jokatu ondoren, hurrengo bi egunetan ezin nuen entrenatu. Horrekin bukatzea izan da onena. Lau t'erdiko txapelketa eta binakakoaren hasiera ezin izango ditut jokatu, baina bukatu beharra zegoen kontu horrekin.


Ebakuntzaren ondoren, zer esan zizun medikuak?
Oso ondo joan zela; espero bezala. Eta berak hori esan badu, nik sinistu egingo diot. (Barreak).


Zenbat denbora egon beharko duzu kantxetatik kanpo?
Egia esan ziur ez dakit. Medikuak ez du horrelakorik esaten. Hasiera batean, gehienez 3 hilabete izango zirela esan ziguten. Pentsatzen dut gutxiago izango dela. Baina argi daukat hartu behar dudan denbora hartuko dudala, ondo sendatzeko, eta lesioa erabat ahazteko. Denbora gehiago pasa behar baldin bada ez da ezer pasatzen. Garrantzitsuena ondo jartzea izango da.


Orain denbora batean geldirik egon behar al duzu, edo mugitzen hasiko zara?
Bihartik (gaur) aurrera pixka bat mugitzen hasiko naiz. Errehabilitazioarekin, berriz, hurrengo astean hasiko naiz.


Besoa ezin zenuela luzatu esan duzu. Norbaitek esango du bestela ere nahiko bildurik ibiltzen duzula pilota jotzerakoan, eta agian horregatik zela.
(Barreak). Bateren batek esan dit, bai. Baina ez, ez da horregatik. Ondo jarrita ere, nahiko kakoan emango diot berriro ere.


Aurtengo uda honek falta zuen albistea izan da.
Nahiko tristea joan da uda, bai. Ez ditut oso emaitza onak lortu. Bi txapelketetan jarri naute, eta bietan ez dut finalera sailkatzerik lortu. Bestela ere ez ditut partida asko jokatu eta beste asko utzi egin behar izan ditut.  


Pilotan azken asteetako albistea bi pilotari berriren debuta da.
Ikaragarria da. Oso gertuko jende asko gaude profesionaletan elkarrekin jokatzen. Eta edozein lekura joanda ere, erdi etxean sentitzen gara. Beti elkarrekin ibili garen jendea gara, eta eskualdean pilota eskoletan lana ondo egiten ari direla esan nahi du horrek. Horrelako emaitzak ez dira zerutik erortzen.


Aholkurik Peña eta Erasunentzat?
Jon Ander Peñari ez dizkiot asko emango, lehiakide gogorra izango baita. (Barreak). Ez, lasai hartzeko esango nieke. Hasiera ez da erraza izaten normalean. Pilotak, aurkariak,… gauza asko aldatzen dira, eta mundu berri honetara egokitzea kosta egiten da. Baina hasieran oso zaila ikusiagatik, maila badaukate, eta hori nabarmena dela uste dut. Lasai hartzeko esango nieke, eta maila sobera dutela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!