Alegiako Festak 2016

Hasi dira Karmen jaiak

Ataria 2016ko uztailaren 14a

Herriko emakume kirolariek bota dute txupinazoa, eta Alegiako festei hasiera ofiziala eman diete. Igandera arte luzatuko dira festak.

Arratsaldeko lehen ekitaldian, suziria bota baino lehen, Santos torneoaren finala jokatu da eta Abaltzisketako taldeak irabazi dio Alegiako Pipas Facundo taldeari. Nerea Murua futbolari altzotarrak eman dizkie sariak. Ondoren, herriko trikitilariek eta txistulariek ekin diote festa girotzeari, eta Giroarte dultzaineroen taldeak jarri dio musika erraldoi eta buruhandien konpartsari.

Festa Larraitz auzotik herriko plazara iritsi da eta dagoeneko udaletxearen azpian zintzilik zeuden marrazki lehiaketako lanak. Ondoren, marrazki lehiaketako, kartel lehiaketako eta logo lehiaketako sariak banatu dira, eta txupinazoaren unea iritsi da. Txintxarria jaitsi dute Paula del Pozok eta Amaia Otamendik, eta ondoren Ainhoa Garmendiak eta Miren Salbadorrek piztu dute suziria. Intxurre jubenil taldeko kideak ere balkoira atera dira ordurako eta denen artean bota dituzte konfetiak. Goxoki banaketa izan da ondoren plazan bertan, eta gero giroa Loatzo musika eskolako kideek jarri dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!