Aparkalekuen aukeraren alde egin dute auzotarrek Larraitz Mendebaldeko galdeketan

Ataria 2016ko eka. 21a, 12:02

Aurreko ostiralean auzoan bertan bozkatzeko aukera izan zuten bizilagunek.

Parte hartzea %40,38koa izan da eta 80 boto jaso ditu aparkalekuak lehenesten dituen proposamenak.

Larraitz auzoko Mendebaldea hiritartzeko eta eraberritzeko prozesuak urrats garrantzitsu bat eman du. Auzoaren etorkizunari begira, bertako bizilagunei proposamenak egiteko aukera eman zitzaien lehenik eta egitasmoaren arduradun teknikoek luzatutako aukera ezberdinen inguruan eztabaidatu ostean, aisialdi guneak lehenesten zituen proposamen baten eta aparkalekuak lehenesten zituen beste baten artean aukeratzeko galdeketa egin da iragan astean.

16 urtetik gorako auzotarrek zuten botoa emateko aukera eta parte hartzea %40,38koa izan da. Botoa ematera joan direnen artean, aparkalekuen aukera lehenesten zuen proposamenak izan du arrakasta gehien. 80 boto jaso ditu, botoen %62,5a, eta aldiz, aisialdi gunea lehenesten zuenak 47 boto jaso ditu, %36,72a. Balio gabeko boto bat jaso da.

Udalak prozesuaren balantze positiboa egiten du. Unai Iraola alkateak azaldu duenez, "hemendik aurrerako lan ildoa finkatzeko herritarren erantzun bat behar genuen. Informazio prozesuan ahal den lan gehiena eta txukunena egiten saiatu gara. Galdeketa egiteko unea iritsita, %40ko parte hartzea izanik, nahiko irakurketa positiboa egiten dugu. Parte hartzeak eta galdeketak pixkana denok ohitzen joan behar dugun prozesua izango dela garbi dugu, eta lehenengo aukera bezala eta pauso bezala, balantze positiboa egiten dugu".

Aukera bat edo beste hautatzea baino, prozesua baloratzen dutela dio Iraolak. "Eskerrak eman behar dizkiogu prozesuan parte hartu duten herritar guztiei. Herritarren gehiengoarekin hartzen diren erabakiek legitimitate gehiago izaten dute". Aurrera begira, antzeko prozesuak garatzen jarraitzea da udalaren asmoa eta hobetu beharreko puntuak hobetuz, antzeko lanketak egiten jarraituko du.

Proiektuaren ezaugarriak

Aukeratutako proiektuak, esan bezala, aparkalekuei ematen die lehentasuna. Iraolak zehaztu duenez, "aurretik egindako diagnostiko batetik abiatu da lanketa. Egungo egoeran kotxeentzako 67 aparkaleku erregulatu daude, eta 37 erregulatu gabe". Aukeratutako proposamenaren arabera 95 aparkaleku erregulatu aterako lirateke. "Azpimarratzekoa da sortuko diren aparkaleku berri guztiak erregulatuak izango direla, eta ez da aukerarik izango modu desegokian aparkatzeko", esan du Iraolak.

Beste ezaugarri bat trafiko dentsitate eta pilaketak ekiditzeko izango da, eta horretarako trafiko noranzkoen antolaketa ere egingo da. Bestalde, lokalen sarrerak libre geratzea ere aurreikusten da. "Hori aurrera begirako pausoa izango da. Badakigu zein den tokatzen zaigun lan ildoa, eta hurrengo pausoa izango da xehetasunetara joatea, esaterako, zein garaje edo lokalek nahi duten bere aurrealdea libre izan  kotxea sartzeko, edo beste erabilera bat emateko". Blokez-bloke proposamen berezitu bat egingo zaie hiritartze berriak sortuko dituen kezkak eta erabaki beharreko kontuak ixten joateko, eta proposamena lantzeko.

Beste ezaugarri bat plataforma bakarrenarena da. "Oinezkoen ibilbideen, hau da, espaloiak eta etxe inguruetara hurbiltzeko beste bideak, eta autoen ibilbideen artean ez litzateke maila ezberdintasunik izango, auzune guztian maila berdinean egongo litzateke", zehaztu du Iraolak. Bestalde arrapala sistema bat jarriko da, auzuneak duen desnibela gainditzeko, "beheko kuotatik goiko kuotara irisgarritasuna bermatzeko moduan jartzeko".

Horrez gain, azpiegiturak egokitu eta eraberrituko dira. "Lur azpikoak dira batez ere, ur sistema, saneamendu sistema eta teknologia berriarekin lotutako azpiegiturak uztea", esan du Iraolak. "Lur gainean argi puntu eta farolak berrantolatzea izango da, auzokideek dituzten beharren arabera. Aurrera begira, igogailua non joango den aurreikusi gabe duten bizilagunei esfortzu bat eskatuko zaie, balizko etorkizun batean jarri nahiko balute, non kokatuko litzatekeen erabakitzeko, eta horren arabera azpiegiturak nondik pasa definitu ahal izateko".

Gauzak horrela, auzoaren etorkizunari begirako lan ildoa finkatuta geratu da. Hurrengo pausoa, auzoa eraberritzeak etxe bakoitzaren azpiegituran eragingo dituen aldaketen inguruan informatzea eta bizilagunekin horren inguruan hitz egitea izango da. Horretarako, etxe atari bakoitzean aldaketa horiek biltzen dituen orri informatibo bat ezarriko da eta uztaileko lehen bi asteetan bizilagunekin horren inguruko bilerak egingo dituzte arduradun teknikoek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!