Ibaiak garbitzeko, auzolana

Imanol Garcia Landa 2016ko ekainaren 10a

Deialdia egin die herritarrei Alegiako Udalak, bihar elkartu eta ibaiak garbitzeko; 09:30ean ekingo diete lanei

Alegiako Udalak herriko ibaiak auzolanean garbitzeko deialdia egin du biharko. Beste hainbatetan egiten den moduan, udalak herritarrei dei egiten die ibai garbiketan esku bat botatzeko. Garbiketan lagundu nahi dutenei arropa zaharrekin eta katiuska edo oinetako zaharrekin agertzea gomendatzen zaie. Eskularruak eta lanerako tresneria udalak jarriko ditu baina norbaitek etxean eskularruak balitu, eramateko deia egiten zaio.

Bihar 09:30erako jarri da hitzordua. Udaletxeko atarian elkartuko dira auzolanean parte hartzera animatzen direnak eta eguerdira bitartean egingo dute lehen saioa. Geldialdi bat egin eta udalaren kontura mokadu bat egiteko aukera izango da arratsaldeko saioari ekin aurretik. Arratsalde partean beste saio txiki bat egin eta amaitutzat emango da auzolana.

Biharko auzolanaz gain, herriko ikastetxeek eta kolektibo ezberdinek ere garbituko dute ibaia ekaineko beste egun batzuetan. Alegiako Udalak eskerrak eman nahi dizkie aldez aurretik, modu batera edo bestera auzolan horretan parte hartuko duten herritarrei.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!