Petti: «Nire etxean bezala sentitzen naiz Alegiako Gaztetxean»

Imanol Garcia Landa 2016ko mai. 19a, 10:46

Balerdi Balerdiko kideak, ezkerretik bigarrena da Petti, Alegiako Tontokalen iaz ateratako argazkian. TXARLI GESTEIRA

Bi talde ariko dira bihar Alegiako Gaztetxean izango den emanaldian, Balerdi Balerdi, eta Petti eta Etxeko Uzta.

Kontzertu berezia izango da biharkoa Alegiako Gaztetxean. Balerdi Balerdi taldeak eta Petti eta Etxeko Uzta taldeak eskainiko dute emanaldia. 22:30ean hasiko da eta sarrerak 8 euro balio ditu. Bietan parte hartuko du Petti musikari beratarrak. Harreman estua du Pettik Alegiako Gaztetxearekin: «Lehen kontzertua 1996 inguruan eman nuen eta ordudanik 10 edo 12 aldiz izan naiz bertan. Zenbait talderekin ere izan naiz». Pettik gaineratu duenez, «etxekoa bezala sentitzen naiz, bereziki afaltzerakoan. Urteekin lagun pila bat egin ditugu han eta Balerdi Balerdirekin ere promozio argazkia Tontokalen egin genuen iaz. Lagunartean sentitu naiz beti han».

Petti eta Etxeko Uzta taldeak atera berri duen Hotzikarak diskoaren bigarren zuzenekoa izango da biharkoa. «Aurreko larunbatean Donostian egin genuen lehenengoa, Antzoki Zaharrean, eta nahiko gustura geratu ginen». Zuzenerako egindako diskoa dela esan du Pettik, eta, beraz, ez dago aldaketa handirik diskotik emanaldietara. «Entsegu gehiago behar ditugu, pixka bat gehiago prestatzeko, baina Donostian nahiko ondo atera zen, eta espero dugu gero eta hobeto joatea».

Nahiko disko rockeroa atera zaiela dio. «Lehen folkya eta noizbehinka countrya jorratzen genituen. Zuzenean disko berriaren kantu gehienak eta aurreko diskoetako batzuk joko ditugu».

Etxeko Uztarekin aritzen denean gehienbat ahotsari ematen dio garrantzia Pettik. Balerdi Balerdin gitarra-jole eta koroak egiten aritzen da. «Balerdirekin ongi pasatzen dugu. Gauza ezberdina da, ez baitut kantatzen eta beste modu batera hartzen ditut kontzertuak».

Bi saio jarraian egiteak zer suposatzen dion galdetuta, Pettik gogora ekartzen du talde batean eta bestean egiten dituen funtzioak: «Ahotsa da gehien nekatzen dena. Balerdirekin gitarra jotzen dut eta koro batzuk egin. Plazer hutsa da. Nire kantuetan gehienbat ahotsari ematen diot garrantzia eta Balerdirekin gehiago gitarrari».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!