Zer ospatua izango du Intxurrek larunbatean

Asier Imaz 2016ko mai. 18a, 10:00

Intxurrek Kirol eta Kultur Elkartearen denboraldia amaitzear dago. Larunbata da eguna. 21:00etan denboraldi amaierako urteroko jaia egingo dute, zahagi ardoaren inguruan.

Futbol talde guztiak bertan egongo dira. Badute zer ospatua, mutilen talde nagusiak igoera lortu baitu. Hurrengo denboraldian, beraz, Erregional Preferente mailan egongo dira; Tolosa CF-ren bigarren taldearekin batera.

Patxi Renobales Intxurre KKE-ko kidea da. Talde guztien ibilbidea berak aztertu du, eta preferenteen denboraldiarekin oso pozik agertu da: «Aurreneko fasea ia partidarik gabe bukatu zuten. Etxean, ez zuten galdu, eta oso sendo aritu ziren. Talde honen indargunea hori da. Zelai handiago batean, aurkaria baloia mugitzen hasten baldin bada, sufritu egiten dute, baina etxean memoriaz jokatzen dute».
Lehen faseko emaitzei esker, igoera faserako sailkatu ziren Intxurrekoak. «Ia urtero lortzen dugu fase horretara pasatzea», dio Renobalesek. Urtero lortzen ez dena, igoera fasean bigarren bukatu eta maila bat gora egitea da. Aurten, bai, ordea. «Beste pare bat aldiz lortu dugu preferenterako jauzia, baina bertan urtebete ere ez gara mantendu izan. Hurrengo denboraldiko helburua hori izango da».

Talde guztia nabarmendu behar dela dio Patxi Renobalesek, baina Imanol Irazustabarrenaren denboraldia ezin da azpimarratu gabe utzi: «25 partidatan 46 gol lortu ditu. Azken partidan hiru, eta lau gol lortutakoak ere baditu. Izugarrizko denboraldia egin du Irazustabarrenak. Bere anaia jubeniletan dago, eta hark ere 30 gol baino gehiago lortu ditu».

Gizonezkoen lehen taldeaz gain, jubenilek ere denboraldi txukuna egin dutela dio Renobalesek, maila mantenduz. «Kadeteak ere hor egon dira. Iaz ohorezko mailara igotzeko aukera izan genuen, baina ezetz esatea erabaki genuen. Denboraldi honetan berriro igoera fasera sailkatzea lortu dute, nahiz eta ez diren igo. Denboraldia nahiko luze egin zaie». Infantilak final zortzirenetan aurrera egitear izan ziren, baina penaltietan galdu zuten. Neskei dagokienez, larunbatean jokatuko dute denboraldiko azken partida, kopan, Bergararen aurka. Aukerarik ez dutenez, hor amaituko zaie 2015/16ko ibilbidea. Azkenik, futbol zortziko infantilak aipatu zituen Intxurreko kideak, denboraldia amaitu dutela esateko. Gauzak horrela, iraila bitarte guztiek atseden hartuko dute. Orduan hasiko dira denboraldi berria prestatzen. Gorabehera handiegirik ez dela egongo dio Patxi Renobalesek; zalantzak, nesken taldearekin dituzte: «Aurten jubeniletan atera dugu taldea, baina gehienak kadeteak ziren. 16 jokalarirekin hasi genuen denboraldia, eta 14rekin ibili gara; justu. Ikusi beharko da zer gertatzen den. Arazoak konpontzen baldin badira, taldea aterako dugu, baina kadeteetakoa izango delakoan gaude». Hori irailean ikusiko da. Oraingoz, larunbateko festa gelditzen zaie, eta hori, 21:00etatik aurrera izango da. Jai giroa, opariak eta abar ez dira faltako.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!