«BBVAk Kutxabank irensteko interesak ditu»

Imanol Garcia Landa 2016ko mai. 17a, 10:36

Ahoztar Zelaieta. HIRUKA

Hogei urte daramatza Ahoztar Zelaietak ikerketa-kazetaritzan. Hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Alegiako kultur etxean, Kutxabank, Euskal Herriaren arpilatzea izenburupean. Izen bereko liburua argitaratu du gazteleraz Zelaietak eta bertan bildutakoaz ariko da.

Zer erakutsi nahi izan duzu liburuaren argitalpenarekin?

Nire helburua ez zen Kutxabanki buruzko esklusibarik ematea, edo zerbait deskubritzea. Nire helburua da pedagogia egitea, urte gutxitan gauza asko gertatu baitira. Iritzi ezberdinak eta analisi ezberdinak daude, eta batzuetan kontrajarriak, Kutxabanken etorkizunari buruz. Lau ideia nagusi daude jorratuta liburuan.

Lehenengo ideia nagusitik hasiko gara. Zer jaso duzu?

Espainiatik eta Europatik agintariek bidalitako oharrak betearazi behar direla-eta horren kontu aritzea da EAJren jokoa aipatzen dut liburuan. EAJk marketin kanpaina jarri du, propaganda, baina apenas dakigu zer gertatzen den. Euskal Herriaren alde, aurrezki kutxen alde, Euskadiko ekonomiaren alde egiten duela saltzen du EAJk. Marketin hutsa da, Mario Fernandezek Mario Dragirekin bide orri bat sinatu zuen, baina hori ez zaio komeni esatea.

Zer diozu bigarren multzoan ?

Euskal ekonomia merkealdi prezioan dugu. Kutxabank ildo berberetik doa. Elite ekonomiko eta finantzariei aginduei jarraituz, ekonomiaren alde ez du apusturik egingo. Tapia kontseilariak esan du Kutxabank jubilatu behar dela, ez duela balio euskal enpresei babesa emateko. Horrekin jarraituz, hirugarren ideia multzoan azaldu dugu BBVAk Kutxabank irensteko interesak dituela. Eta horrek Europako agintarien babesa jasoko luke. Kutxabankek BBVArekin ate birakariak ditu: BBVAko nagusi batzuk Kutxabankeko nagusi bilakatu dira, eta nahiz eta kapitaina aldatu den barkuan, norabidea berbera da. Kutxabankek indarra galdu du eta mila langile kaleratu ditu. Indar hori gehiago jaisten den heinean, BBVAk indar handiagoa hartzen du irensteko tesi horretan.

Zer jaso duzu azken ideia multzoan?

BBVA Euskal Herriko elite ekonomiko-politikoaren erreferentzia argi bat da, baina Euskal Herriko aberatsak eta zerga ordainketak saihesten dituztenak askoz gehiago dira. Hau oasi bat izan da ustelkeriaren aurka, eta euskal aurrezki kutxak ez dira, antza, espainolak bezain ustelak. Aberats horiek eta zerga ordainketak saihesten dituzten horiek eraman dituzte aurrezki kutxak zentzu gabeko operazioetara, eta diru asko galdu da. Ikusten da ustelkeria kasu garrantzitsuenetan euskal aurrezki kutxak ere badaudela.

Nola eragiten die honek guztiak herritarrei eta Kutxabanken bezeroak direnei?

Badago proiektu bat Kutxabanken jarrera eta ibilaldia iraultzeko, eta ni guztiz ados nago. Eragile sozialek, politikoek eta sindikalek proposamen batzuk egin dituzte. Alemanian aurrezki kutxek sekulako indarra dute, sekulako kontrol politiko eta soziala, eta Alemaniako ekonomiaren babes nagusia dira. Ez dira dinosauroen garaiko gauza bat edo jubilatu behar direnak.

Hainbat hitzaldi ematen ari zara Kutxabanki buruz. Zer da hitzaldietara joaten direnei interesatzen zaiena?

Batzuk informazioa jasotzera joaten dira, eta beste batzuk nire lanari kritika egitera. Nire asmoa lanbide honetan jendeari elementuak eta erremintak ematea da, gero jendeak bere iritzia izan dezan. Aukera hori ematea jendeari, informazio jaso, aztertu eta ikertu dezan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!